Noticias

Rss
MAY 29 2019

CIC energiGUNEk Europar Batasunaren aintzatespena lortu du giza baliabideen kudeaketan

CIC energiGUNEk Europar Batasunaren aintzatespena lortu du giza baliabideen kudeaketan
  • Europar Batzordeak, “Human Resources in Researh award” aintzatespena eman dio CIC energiGUNEri, energiaren biltegiratze termikorako eta elektrokimikorako erreferentziazko zentro eta alor horretako kontinente osoko onenetakoa denari. 
  • Sari horrek, laneko giro pizgarria eta goi mailako ikerketarako lagungarria sortzen duen erakunde gisa aintzatesten du CIC energiGUNE.
  • Ikerketarako Giza Baliabideen Estrategiak (HRS4R) eta EURAXESS programak balio erantsia ematen die zentroari eta ikerlariei.

 

CIC energiGUNEk, ikerketara zuzendutako talentuaren erakarpenean eta garapenean bikaintasuna aintzatesten duen Europar Batzordearen HR Excellence in Research akreditazioa lortu du. Horrela, euskal zentroa, giro pizgarria eta goi mailako ikerketarako lagungarria sortzeari laguntzen dion aintzatespena jaso du Europa mailan.

“Akreditazio horren aldeko apustua egitea funtsezkoa da guretzat, talentua dagoen lekuan bilatzeko eta beharrezkoa den lekutik erakarri ahal izateko”, adierazi du Asier Urzelai CIC energiGUNEko Pertsona arloko Zuzendariak. Bere iritziz, aintzatespen hori lortzeko ezinbestekoak dira “mundu mailan lehen tokian dagoen ikerketa zentroa, azken belaunaldiko ekipoak eta, beste ezer baino lehen, oso talde egituratu gisa lan egiten duten eta oso motibatuta eta ikerketa bikaina eta eragin handikoa lortzera erabat fokalizatuta dauden ikerlariek osatutako diziplina anitzeko taldea”.

HR Excellence in Research aintzatespena Ikerketarako Giza Baliabideen Estrategia (HRS4R) eta EURAXESS programa izenekoen barruan sartzen da. Europar Batzordearen ekimen horrek informazio zerbitzu aukera zabala eskaintzen du, eta laguntza ematen die euren ikerketa ibilbidea Europan egin edo kontinentean ikerketa jarduerekin lotuta jarraitu nahi duten ikerlariei. Ikerlarientzako Gutun Europarraren eta horien kontrataziorako Jokabide Kodearen ezarpena da EURAXESSen funtsezko zutabeetako bat. 

Ikerketarako Giza Baliabideen Estrategiak (HRS4R) Gutunaren eta Kodearen printzipioak ezartzeko euskarria ematen du, eta HR Excellence in Research bereizgarriaren banaketa zaintzen du. Gutuna eta Kodea modu zehatzean eta zorrotzean aplikatzen duten erakundeak erakargarriagoak dira enplegu-emaile berriaren edo beraien ikerketa proiekturako anfitrioiaren bila ari diren ikerlarientzat. Hori dela eta, CIC energiGUNEri eman izana oso aurrerapauso garrantzitsua da talentua erakartzeko apustuaren barruan. 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzari esker Europako energia biltegiratze bost zentro onenetakoa den eta Arabako Teknologia Parkean dagoen zentroak beste pauso bat eman du horrela talentuaren aldeko apustuan, hiru zutabetan oinarrituta: tokiko talentua erakartzea eta garatzea, nazioarteko talentua aurkitzea, eta Euskadin prestatutako pertsonen itzulera bultzatzea. 

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa den zentroak Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: IBERDROLA, CEGASA PORTABLE ENERGY, SENER, SIEMENS-GAMESA, ORMAZABAL, IDOM, SOLARPACK, CORPORACION MONDRAGON ETA NORTEGAS. 

Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testeatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 500 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 35 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.