Noticias

Rss
JUL 02 2019

Vitoria-Gasteizek, CIC energiGUNEk antolatu duen energiaren biltegiratzeari buruzko “Power Our Future” Nazioarteko Foroaren IV. edizioa jasoko du bihartik aurrera

  • Ostiralera, uztailaren 5era, arte, Arabako hiriburua energiaren biltegiratze elektrokimikoaren arloko nazioarteko ikerketaren erakusleihoa bilakatuko da.
  • Michel Armand, ikerlari aitzindaria eta ibilgailu elektrikoetarako bateria eraginkorragoak garatzeko aukera eman duten teknologien “aita” izango da inaugurazio saioa irekitzearen arduraduna.
  • Konferentziak, bi urtez behin egiten den aldizkako ebaluazioa egiteko Vitoria-Gasteizera etorriko diren Energiaren Biltegiratze Elektrokimikoaren Alorreko Batzorde Zientifiko Aholkulariko kideen partaidetza izango du.

Vitoria-Gasteizko Europa Jauregiak, baterien eta kondentsadoreen arloko azken aurrerapenei eta joerei buruzko “Power Our Future” Nazioarteko Foroaren IV. edizioa jasoko du bihartik aurrera. Mundu osoko 150 profesional baino gehiagok hartuko dute parte ostiralera, uztailaren 5era, arte, luzatuko den kongresuan. Bertan, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren alorrean nazioarte mailan aurrera eramandako aurrerapen teknologiko nagusiak azalduko dira.

Inaugurazio jardunaldian Iosu Madariaga Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendariak eta Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko Udaleko Lehenengo Alkateorde eta Ekonomiaren Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Zinegotziak hartuko dute parte, eta baita CIC energiGUNEko Batzorde Zientifiko Aholkulariko kide guztiek ere. Kongresuan parte hartzeaz gain, Zentroaren ikerketaren nondik norakoaren bi urtez behingo ebaluazioa egiteko ere etorri dira Gasteizera.

Michel Armand, ibilgailu elektrikoetarako bateria eraginkorragoak garatzeko aukera eman duten teknologien “aita” izango da inaugurazio saioa irekitzearen arduraduna, egoera solidoan dauden baterien garapenaren inguruko hitzaldiarekin. Azpimarratu behar da une honetan Armand dela CIC energiGUNEk elektrolito polimeroaren arloan aurrera daraman ikerketa lerroaren buru. Euskal zentroa nazioarte mailako erreferentzia garrantzitsuenetakoa bilakatu da jadanik arlo horretan.

Michel Armandez gain, Power Our Futureko hizlari nagusien artean goi mailako ikerlariak egongo dira: John R. Miller estatubatuarra, JME Inc. Enpresako presidente eta sortzailea; Steven Visco estatubatuarra, 200 patente baino gehiago erregistratuta dituen litiozko baterietan eta erregai zeldatan aditua; eta Bordeleko Unibertsitateko Claude Delmas, Southamptoneko Unibertsitateko John Owen eta Paul Scherrer Institutuko (Suitza) Petr Novak irakasleak.

Power Our Future 2019an landuko diren gaiak, bateriei eta kondentsadoreei buruzko ikerketari eta aurrerapen teknologikoari buruzko alderdi guztiekin daude erlazionatuta, nazioarteko aditu nagusien presentzia izatearen abantailarekin. Inaugurazio saioaren ondorengo egunetan, eztabaida elektrolito solidoetan edo superkondentsadoreetan zentratuko da.

Power Our Future 2012an sortu zen, CIC energiGUNEren ekimenez, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren alorrean lan egiten duten eragileen topaleku gisa, energiaren etorkizun jasangarrirantz aurrera egiteko xedez. Orain arte egin diren hiru edizioetan, ehun profesional baino gehiago elkartu dira urtez-urte Gasteizen, oso partaide soslai finkoarekin: nazioartekoa batez ere, eta industriarekin edo irakaskuntza munduarekin erlazionatutakoa.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: IBERDROLA, CEGASA PORTABLE ENERGY, SENER, SIEMENS-GAMESA, ORMAZABAL, IDOM, SOLARPACK, CORPORACION MONDRAGON ETA NORTEGAS.

Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testeatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 500 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 35 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.