Noticias

Rss
JUL 22 2019

CIC energiGUNEk eta BCAREk baterien arloan profesionalak prestatzeko mintegi aurreratua osatuko dute, Shmuel De-Leon espezialistarekin

CIC energiGUNEk eta BCAREk baterien arloan profesionalak prestatzeko mintegi aurreratua osatuko dute,  Shmuel De-Leon espezialistarekin
  • Energiaren biltegiratze sektoreko profesionalei eta ikerlariei eta ingeniariei zuzendutako programak, industriaren egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko azterketa praktikoa egingo du eta azken aurrerapen teknologikoak aurkeztuko ditu.
  • Israelgo Shmuel De-Leon enpresa, mundu mailako erreferentzietako bat da baterien merkatu orokorrerako tresnen eta zerbitzuen garapenean.

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, eta BCAREk, energia biltegiratzearen alorrean balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen dituen zentroaren spin off-ak baterien eta energia biltegiratzearen arloan nazioarteko aditu nagusietakoa dena ekarriko dute irailean Vitoria-Gasteizera, Shmuel De-Leon israeldarra, sektore horretan profesional koalifikatuen prestakuntza sustatzeko.

Batera antolatutako ekimen horri esker, Shmuel De-Leonek energia iturri elektrokimikoen egungo eta etorkizuneko beharretan eta garatutako azken aurrerapen teknologikoetan espezializatutako mintegia eskainiko du. Ikastaroa Arabako Teknologia Parkean izango da, irailaren 24an eta 25ean, eta izen ematea egin daiteke jadanik mintegiaren webgunearen bitartez: batteryseminar2019.cicenergigune.com.

Ibilgailu elektrikoa, aplikazio estatikoak, superkondentsadoreak eta erregai zelak izango dira mintegiaren ardatz nagusiak. Horrez gain, baterien bizitza zikloaren, diseinuaren eta fabrikazioaren zenbait alderdi ere ukituko ditu. Horrela, bateriaren diseinua eta testatze prozesua oso garrantzitsuak izango dira, bateria belaunaldi berriaren garapenerako funtsezko tresnak baitira.

Sektoreko profesionalei, ikerlariei eta ingeniariei zuzendutako prestakuntza programa 15 modulutan banatuko da. Lehen jardunaldian, bertaratuek baterien jatorriari eta bilakaerari buruzko informazio praktikoa jasoko dute, eta baita prozesu kimikoei buruzkoa ere. Ondoren, baterien kargari eta deskargari buruzko tailerrekin jarraituko da. Erabilera militarra duten baterietarako, diseinu prozesu desberdinetarako eta segurtasun protokoloetarako lekua ere egongo da.

Irailaren 25ean, asteazkenean, saioak hornidura katean, bateria hondakin gisa kudeatzean, bateria adimentsuetan, testatze sistemetan, hornidura sarerako biltegiratzean edo ultrakondentsadoreetan egongo dira zentratuta. Azken modulua ibilgailu elektrikora zuzenduta egongo da batez ere.

Mintegian parte hartzeko izena emateko epea irailaren 5era arte egongo da zabalik. Izen ematea abuztuaren 24a baino lehen egiten duten pertsonek beherapena izango dute.

Shmuel De-Leoni buruz

Mintegia Shmuel De-Leonek emango du. Shmuel De-Leon Energy enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusia, eta energia iturrien, biltegiratzearen eta mugikortasun elektrikoaren nazioarteko aditu nagusietakoa da. Bere enpresa sortu aurretik, De-Leonek hainbat konpainiatako ingeniaritza taldeetako eta kalitate kontrol arduradun gisa aritu zen 20 urte baino gehiagoz.

Shmuel De-leon Energyk oso tresna baliagarriak eskaintzen ditu energiaren industriarako, Kontsultoretza, Prestakuntza eta Merkatu Ikerketa, besteak beste. CICenergiGUNEren egoitzan emango duen Mintegiari dagokionez, egungo eta etorkizuneko energia iturri elektrokimikoen ikuspegi integrala jarriko du partaideen esku, eta baita zelda aukeraketari, diseinuari, fabrikazioari, segurtasuneko testatzeari eta garraioari buruzko prestakuntza ere. Horrez gain, sektoreko eragile berrientzako oinarrizko ezagutza bideratuko du, eta ezagutza aurreratua eragile aktiboentzako, software espezializatu arloko prestakuntzaz gain.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: IBERDROLA, CEGASA PORTABLE ENERGY, SENER, SIEMENS-GAMESA, ORMAZABAL, IDOM, SOLARPACK, CORPORACION MONDRAGON eta NORTEGAS.

Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testeatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 500 argitalpen zientifikotikgora ditu eta urtean 35 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.

BCARERI buruz

BCARE energia biltegiratzearekin erlazionatutako zerbitzu integralen enpresa da, eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu: azterketa eta laguntza kimika ezagutzetan oinarritutako baterien teknologia komertzialen aukeraketan; baterien portaerari buruzko aurreikuspeneko diagnostikoa; eta erabiltzen ari diren baterien bizi itxaropenaren eta errendimenduaren hobekuntzarako analisia, diagnostikoa eta aholkularitza.

Halaber, BCAREk beste zerbitzu batzuk ere egiten ditu: hirugarren parte gisa auditoretzak egitea; biltegiratze soluzio berrien ebaluazio tekniko-ekonomikoak; eta bateriaren akatsaren zergatien post-mortem azterketa. Azken zerbitzu hori balio bereziko faktorea da enpresentzat, BCAREk CIC energiGUNEn egindako lan aitzindariaren euskarria baitu.

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.