Noticias

Rss
SEP 13 2019

CIC energiGUNEk Arabako Teknologia Parkean antolatu duen Batteries Summit 2019 jardunaldian elkartutako adituek, “Europak etorkizuneko bateriak asmatzearen” beharra azpimarratu dute

  • Kontinente osoko 150 profesional inguruk hartu dute parte goi bileran; Europan garapen teknologikoan aurrera egiteko eta industria propioaren garapena indartzeko gauzatzen ari diren hiru ekimen nagusietako ordezkariak ere bertan egon dira.

CIC energiGUNEk antolatu duen eta Arabako Teknologia Parkean gaur goizean egin den bateriei buruzko “Batteries Summit 2019” Europako goi bilerak agerian utzi ditu Europak arlo horretan dituen erronkak eta aukerak, eta baita automobilgintza elektrikoaren merkatuan lehiakortasunezko posizioa bermatuko duten teknologia berrien garapenean aurrera egitearen garrantzia ere. “Europak etorkizuneko bateriak asmatu behar ditu”, adierazi du Kristina Edström BATTERY 2030+ren koordinatzaileak. Arlo horretan puntan ari diren beste ekonomia batzuekin duen desfase teknologikoa murriztuko duen ikerketa zientifikoa sustatzeko Europak martxan jarri duen ekimen nagusietakoa da.

Ekitaldia Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusiak, Ana Oregi Vitoria-Gasteizko alkateordeak eta Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak inauguratu dute, eta bat etorri dira Zentroa aurrera eramaten ari den lanaren garrantzia azpimarratzeko orduan, Araba eta Euskadi arlo horretako ekonomia aurreratuenen artean jartzeko. Gure herrialdeak ezagutzari eta ekonomia berriari dagokionez egin duen apustu estrategikoarekin duen harreman zuzena ere azpimarratu dute.

“Baterien iraultzarako Europako ekosistemaren goi bilera” gisa definitu den jardunaldia bi atal nagusitan egon da banatuta. Lehenengoan, hasierako hitzaldia Kristina Edström-ek eman du. BATTERY 2030+ko koordinatzaile izateaz gain, Kimika Inorganiko irakaslea da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia). Edström-ek adierazi duenez, Europak oso helburu argiak bete behar ditu arlo horretan aurrera egiteko, eta “automobilgintzaren industriaren balio katerako teknologia disruptiboak” lortzetik eta, batez ere, “etorkizuneko bateria asmatzetik” igarotzen dira.

BATTERY 2030+ren koordinatzaileak gogorarazi duenez, Europar Batzordeak oso azkar lan egiteko eskaria egin die, beste herrialde batzuekin, Estatu Batuekin edo Txinarekin, besteak beste, duen desfasea murrizteko teknologiaren garapenean, eta etorkizunean bide hori markatu dezaketen proiektuetako batzuk jarri ditu mahai gainean, baterietan sentsoreak jartzea edo material auto-konpongarria identifikatzea, besteak beste.

Horrela, Europako beste bi ekimen nagusietako, Batteries Europe eta European Battery Alliance, ordezkariak bat etorri dira ildo horretan elkarrekin lan egin beharrari dagokionez. Edel Sheridan Batteries Europe Europako Teknologia eta Berrikuntza Plataformako ordezkariak maila guztietako ikerketa indartzearen eta Europako industria bultzatzeko aplikazio eta merkatu berriak identifikatzearen aldeko apustua egin du.

Thore Sekkenes Baterien Europako Aliantzako Industria Programako zuzendariak, bere aldetik, 2016an Europako bateria berria lortzeko lasterketa galdutzat eman zuela azaldu du. Hala ere, gaur egun agertokia aldatu egin da, eta Europan bateria lantegiak ezarriko direla aurreratu du. “2025ean 30 gigafaktoria beharko ditugula eta 2050ean 350 kalkulatzen dugu. 3 urtetan baterien produkzioan Estatu Batuak gainditu ditzakegu”, adierazi du.

Bigarren partean, Álvaro Martín-Aceña Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Mugikortasun Alternatibo Saileko Buruak eta Juliana Restrepo AEPIBALeko (Pila, Bateria eta Energia Biltegiratze Enpresa Elkartea) zuzendari nagusi eta Espainiako BatteryPlat plataformako ordezkariak Espainiako ekosistemaren agertokia eta erronkak aurkeztu dituzte.
Jardunaldiari, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eman dio amaiera, energiaren biltegiratzearen euskal industriaren indarra azpimarratuz, CIC energiGUNE parte den BRTA (Basque Research and Technology Alliance) partzuergo zientifiko-teknologikoan elkartuta dauden eragile guztiena, batez ere.  “Euskadik industria horren garapenean egon behar du, eta baditugu horretarako beharrezkoak diren ezagutza eta industria egitura”, esan du amaitzeko.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, Idom, Solarpack, Mondragon Korporazioa eta Nortegas.

Miñaoko CICek oso emaitza garrantzitsuarekin itxi zuen 2018ko ekitaldia: eragin handiko 500 argitalpen zientifikotik gora,  35 industria proiektu baino gehiagotan parte hartzea, eta Europa mailako 9 proiektu, H2020 esparruaren barruan, Europan 120 milioi euro baino gehiago trakzionatuz.

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.