CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratze eta bihurketan erreferentziazko ikerketa-zentroak, 15. urteurrena ospatzen du aurten. Ibilbide horretan, bikaintasun zientifikoa sortzea eta ezagutza hori industriarentzako gaitasun eta aukera berrietan bihurtzea uztartu ditu.
2011n jarduera hasi zuenetik, CIC energiGUNEk nazioarteko erreferentzia diren gaitasun zientifikoak eta ikerketa-azpiegiturak garatu ditu Euskadin, trantsizio energetikorako estrategikoak diren esparruetan, sodiozko eta egoera solidoko baterien aldeko apustu goiztiarra eginez. Hamabost urte geroago, apustu horri esker, zentroak 1.500 argitalpen zientifiko baino gehiago, 39 patente-familiako zorroa, Europako ikerketa-programa nagusietan gero eta presentzia handiagoa eta bere laborategietan sortutako ezagutzatik zuzenean jaiotako bi enpresa ditu: BCARE eta Basquevolt.
“2011tik, Michel Armanden lidergo zientifikoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren etengabeko babesarekin, sodioaren eta egoera solidoko teknologien alde egin genuen, Europako industria-lehentasun bihurtu baino askoz lehenago. Hamabost urte geroago, erabaki horrek Europako erreferentziazko zentro bihurtu gaitu, sortutako ezagutzak, proiektu handiak gidatzeko dugun gaitasunak eta, batez ere, zientzia hori patenteetan, euskal enpresetako zerbitzu eta produktu berrietan eta enpresa berrien sorreran bihurtu izanak babestuta. Niretzat, hori da CIC energiGUNEren arrakastaren neurririk onena”, adierazi du Nuria Gisbertek, CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak.
Hamabost urteko bikaintasun zientifikoa Euskaditik
Ekoizpen zientifikoa CIC energiGUNEren bilakaeraren adierazle nagusietako bat da. 2011tik, zentroko taldeek 1.500 argitalpen zientifiko baino gehiago sortu dituzte, eta presentzia nabarmena dute beren arloetako nazioarteko aldizkari ospetsuenetan.
Hamabost urte hauetan, CIC energiGUNEren ekoizpen zientifikoaren %10 baino gehiago C1 argitalpenei dagokie; kategoria horrek diziplina bakoitzean bikaintasun eta hautakortasun handiena duten aldizkari zientifikoetan argitaratutako lanak identifikatzen ditu. Datuak ez du soilik sortutako ezagutzaren bolumena erakusten; bereziki, Euskaditik egindako ikerketaren kalitatea eta nazioarteko garrantzia islatzen ditu.
Posizio zientifiko hori zentroko ikertzaileek nazioarteko adierazle nagusietan duten presentzian ere islatzen da. Stanfordeko Unibertsitatearen eta Elsevierren Ranking of the World Scientists sailkapenaren azken edizio publikoan, CIC energiGUNEko 10 ikertzaile munduko zientzialari eragin handienekoen artean daude, aurreko edizioan baino bi aldiz gehiago.
Horien artean nabarmentzekoa da Michel Armand, CIC energiGUNEko ohorezko zuzendari zientifikoa eta elektrokimika eta baterien arloko munduko erreferente nagusietako bat. 2011n zentrora batu zen eta elektrolito polimerikoen taldea sortzea gidatu zuen; gaur egun, talde hori Europako egoera solidoko ikerketaren abangoardian dago. Arlo horretan egindako ekarpenengatik egoera solidoko baterien aita dela jotzen da, eta Armand bost urtez jarraian izendatu du Clarivatek Highly Cited Researcher. Gainera, haren ibilbidea estu lotuta dago 2019ko Kimikako Nobel Saria jaso zuten bi ikertzailerekin: patenteak partekatzen ditu John Goodenoughekin eta argitalpen bat Stanley Whittinghamekin; Goodenoughek, gainera, publikoki aitortu zuen Armanden aitzindaritza elektrolito polimerikoetan eta LFP teknologiaren hobekuntzan. Haren ibilbidea, beraz, 2019ko Nobel Sariak aitortutako litiozko baterien bilakaera zientifiko beraren parte da. Sodioaren aldeko apustua ere oso goiztiarra izan zen: 2012an bertan, CIC energiGUNEk Na-ion bateriei buruz argitaratutako lan bat Energy & Environmental Science aldizkarian argitaratu zenetik gehien irakurritako hamar artikuluen artean kokatu zen.
Lehen mailako talentu zientifikoa erakartzeko eta sendotzeko gaitasuna da hamabost urte hauetan eraikitako beste aktiboetako bat. Gaur egun, CIC energiGUNEko 10 ikertzailek Ikerbasqueren aitortza dute, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Zientziarako Euskal Fundazioarena; horietatik sei Ikerbasque Research Professor kategorian daude.
Horien artean daude Montserrat Casas-Cabanas, energia elektrokimikoaren biltegiratze eta bihurketaren arloko zuzendari zientifikoa eta kristalografian eta baterietarako materialen diseinuan erreferentea; 2026an, gainera, Sagrario Martínez Carrera–Anton Paar Saria jaso zuen bere ibilbide zientifikoagatik; Elena Palomo del Barrio, arlo termikoko zuzendari zientifikoa eta energia termikoaren biltegiratze eta bihurketan nazioarteko aditua, ikerketa-proiektu ugari gidatu ditu eta nazioarteko erantzukizunak izan ditu biltegiratze termikoko sare nagusietako batzuetan; gainera, Stanford–Elsevier sailkapenean etengabe agertzen da Ingeniaritza Mekanikoko erreferentziazko ikertzaileen artean; Daniel Carriazo, baterien belaunaldi berrietarako material eta elektrolitoetan espezializatua, erantzukizun zientifikoko karguak izan ditu Graphene Flagship bezalako Europako ekimenetan; Javier Carrasco, energia-materialei aplikatutako modelizazio eta simulazio konputazionalaren arduraduna, nazioarteko aitortzak jaso ditu eskala atomikoko modelizazioan egindako lanengatik; Paramaconi Rodríguez, hidrogeno elektrokimikoaren teknologien garapenaren arduraduna, nazioarteko ibilbide zabala egin du elektrokatalisian eta, 2022an zentrora batu zenetik, hidrogeno elektrokimikoaren ildo estrategiko berria bultzatu du; eta Max García-Melchor, modelizazio atomistikoan, adimen artifizialean eta katalizatzaileen aurkikuntza azeleratuan ikerketa gidatzen duena, 2024an batu zen zentrora Trinity College Dublinen zortzi urte eman ondoren, eta metodo konputazional aurreratuak eta adimen artifiziala aplikatzen ditu erregai eta produktu kimikoen ekoizpen jasangarrirako katalizatzaile berriak aurkitzeko.
Bikaintasuna ikerketa-programa zorrotzenetan lehiatzeko gaitasunaren bidez ere neurtzen da. CIC energiGUNEk aktiboki parte hartzen du Horizon Europe programan eta European Research Council eta European Innovation Council erakundeen ekimenetan, oinarrizko ikerketa eta izaera oso disruptiboko garapen zientifikoak uztartuz.
Horien artean dago NODRY, ERC Proof of Concept baten bidez finantzatutako eta Erromako Sapienza Unibertsitateak koordinatutako proiektua; bertan, CIC energiGUNEk bere gaitasun esperimentalak eskaintzen ditu likido-kromatografiaren belaunaldi jasangarriago bat garatzeko. Horiez gain, zentroak berak koordinatutako eta EIC Pathfinder programak finantzatutako proiektuak daude, hala nola HIPERZAB, elektrikoki kargagarriak diren zink-aire bateriak garatzera bideratua, edo WASTE2H2, plastikozko hondakinak hidrogeno garbi eta balio handiko karbono-material bihurtzeko teknologia disruptiboa ikertzen duena.
Europako jarduera osatzeko, hasierako apustu haiekin zuzenean lotutako ekimen handien lidergoa dago: MUSIC, sodioan oinarritutako teknologietan zentratua; eta HELENA eta SOLIDBAT, egoera solidoko baterien belaunaldi desberdinak garatzera bideratuak. Hiru proiektuak, guztiak CIC energiGUNEk koordinatuak, guztira 22 milioi eurotik gorako Europako finantzaketa dute. Horiez gain, biltegiratze termikoko teknologia berriekin, hidrogenoarekin, material aurreratuekin eta industria-deskarbonizazioarekin lotutako proiektuak daude.
Posizionamendu hori Europako Batzordeak berak ere aitortu du. Bere Joint Research Centre-k (JRC) CIC energiGUNE “adibide nabarmen” gisa aipatu du baterien ikerketa eta garapenean, eta arlo horretako Europako erreferentziazko zentroetako bat dela nabarmendu du.
Ezagutza sortzearekin batera, zientzialari belaunaldi berrien prestakuntza da zentroak euskal ekosistemari egiten dion beste ekarpenetako bat. 2022 eta 2025 artean soilik, 30 doktorego-tesi amaitu ziren CIC energiGUNEn; horri masterreko ikasleen, doktoretza ondoko ikertzaileen eta zientzialari gazteen prestakuntza gehitu behar zaio, baita Energia Biltegiratzeko eta Bihurtzeko Materialei buruzko Erasmus Mundus bezalako nazioarteko prestakuntza aurreratuko programetan parte hartzea ere. Ezagutza horren zati bat zuzenean itzultzen da ekoizpen-sarera: aldi berean, CIC energiGUNEn prestatu edo profesionalki garatutako 20 ikertzaile euskal enpresetara batu ziren.
Oinarri zientifiko horren gainean, zentroak pixkanaka zabaldu ditu bere ikerketa-esparruak. Biltegiratze elektrokimikoan, gaur egun, honako teknologia hauek lantzen ditu: egoera solidoko, sodio-ion, litio-sufre, zink-aire eta redox-flow bateriak, baita superkondentsadoreak ere, material berrien aurkikuntza eta ulermenetik hasi eta prozesaketa, prototipatze eta balidazioraino.
Energia termikoaren biltegiratze eta bihurketan, CIC energiGUNEk hainbat irtenbide garatu ditu, besteak beste, biltegiratze eta kudeaketa termikorako fase-aldaketako materialak, ehungintzan eta elektronikan potentziala duten material malgu berriak, biltegiratze mekanikorako eta olioaren erabilera nabarmen murrizten duten moteltze-sistemetarako intrusio-estrusio fenomenoetan oinarritutako teknologiak, bai eta industriako hondar-beroa berreskuratu eta biltegiratzeko irtenbideak ere.
2022tik, zentroak hidrogeno elektrokimikoaren arloko jarduera ere indartu du, elektrolizagailuetan eta elektrokatalizatzaile berrietan gaitasunak txertatuz, eta, aldi berean, e-fuelak, CO₂-aren harrapaketa eta bihurketa edo hondakinen balorizazioa bezalako esparru emergenteetan aurrera eginez.