Noticias

Rss
ENE 28 2020

CIC energiGUNE da ibilgailu elektrikoari segurtasun handiagoa emango dioten elektrolito solidoko baterien garapenerako Europako proiektuen liderra

CIC energiGUNE da ibilgailu elektrikoari segurtasun handiagoa emango dioten elektrolito solidoko baterien garapenerako Europako proiektuen liderra
  • SAFELiMOVE, euskal zentroaren lidertza eta koordinazioa dituen proiektu europarrak, egoera solidoko baterien arloan egiten du lan. CIC energiGUNE nazioarteko erreferentea da arlo horretan, eta ikerketa-ildoa, Stanfordeko Unibertsitatearen iritziz energiaren arloko Estatuko zientzialari garrantzitsuena den Michel Armand bertako ikertzaileak garatu du
  • Ekimena abiarazteko bilera Vitoria-Gasteizen egingo da urtarrilaren 30ean eta 31n. 15 kidek hartuko dute parte, Europako 6 herrialdetako 14k eta Kanadako batek.
  • EBren H2020 deialdian sartu den eta 7,8 milioi euroko aurrekontu globala duen proiektua, 2025etik aurrera kontinente mailan urtean 250 bilioi euro sortuko dituen merkatuan Europak lekua hartzeko apustuaren barruan dago.

 

(Vitoria-Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 28an)

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa zentroak, SAFELiMOVE proiektu europarraren hasierako bilera hartuko du ostegun honetatik, urtarrilak 30etik, aurrera. Proiektuak 8 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta etorkizuneko ibilgailu elektrikoarentzako elektrolito solidoko litio metalikozko bateria bat garatzea du helburu, ahalik eta segurtasun eta eraginkortasun handiena bermatzeko.

Bi jardunalditan, partzuergoko 15 erakundeetako (Europako 14 eta Kanadako bat) ordezkariek, proiektuak finantzatzeko EBren Horizonte 2020 deialdian sartu den ekimenaren garapena prestatuko dute Araban. Proiektuaren buru gisa, CIC energiGUNEk ikerketa prozesu osoa koordinatuko du, eta, gainera, elektrolito hibrido berritzaile bat garatzeaz eta interfazeen jokabidea aztertzeaz arduratuko da.

Proiektua euskal zentroaren indargune nagusietako batekin erlazionatuta dago, egoera solidoko bateriekin, hain zuzen ere, CIC energiGUNE kontinenteko erreferente nagusia baita arlo horretan. Posizionamendu hori, Michel Armanden eta bere taldearen lanari esker lortu da. Aipatzekoa da orain dela gutxi, Michel Armandek Stanfordeko Unibertsitatearen energia arloko Estatuko zientzialari garrantzitsuenaren izendapena jaso duela, eta patenteak eta ikerketak partekatzen dituela 2019ko Kimikako Nobel saridunetako birekin, John Goodenough-ekin eta Stanley Whittingham-ekin, hain zuzen ere. Izan ere, nazioarteko komunitate zientifikoak "etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat" jotzen du Armand.

Euskal ikerkuntza ekosistemak proiektu honetan duen garrantzia, bertan BRTAko (Basque Research & Technology Alliance) beste bi kide egoteak berresten du, Cidetec eta Ikerlan, hain zuzen ere. BRTAko hiru kideen proiektu honetako aurrekontu orokorra 1,9 milioi eurokoa da.

Gainerako parte-hartzaileak erakunde ugaritakoak dira, material industrialen fabrikatzaileetatik I+G zentroetara, automobilgintza industriatik -Renaulten eta Toyotaren presentzia nabarmenarekin-, igaroz, eta horrek balio-kate osoaren estaldura eta lortzen den ezagutza enpresara transferitzeko erraztasun handiagoa bermatzen du. Zerrenda Schott AG (Alemania), Umicore (Belgika), Hydro-Quebec (Kanada) eta SAFT SAS (Frantzia) konpainiek eta CEA (Frantzia), Technische Universitaet Berlin (Alemania), RWTH Aachen University (Alemania), Avesta battery & Energy Engineering (Belgika), Life Cycle Engineering (Italia) eta Uniresearch BV (Herbeherak) ikerketa zentroek osatzen dute.

Halaber, SAFELiMOVE, Horizon 2020 programaren babespean, epe ertainean Europak bultzatzen duen ekintzetako bat da, Europako industriak baterien merkatu globalean bere lekua izatea lortzeko; 2025etik aurrera, merkatu horrek 250 bilioi euro sortuko ditu urtean, kontinente mailan. CIC energiGUNE eta euskal ikerketa ekosistema, horrelako ekimenen eta Batteries Europe-n duten parte-hartze aktiboaren bidez, leku pribilegiatuan daude Europako automobilgintzaren erronkei eta beharrei aurre egiteko; izan ere, industria horrek bere ekoizpen-instalazioetatik hurbil egongo diren eta 400 Gwh-eko eskaerari erantzuteko gaitasuna izango duten lantegiak beharko ditu, etorkizuneko bateriak Europan garatzeko eta eraikitzeko.

 

Mugikortasun elektrikoari eta deskarbonizazioari bultzada

48 hilabeteko egikaritze epea duen SAFELiMOVEren helburua, egoera solidoan dagoen elektrolito batean oinarritutako teknologia berria garatzea da, litiozko bateria seguruagoa, fidagarriagoa eta prestazio altukoa ekarriko duena. SAFELiMOVEk bost arlo teknologiko nagusitan egingo ditu berrikuntzak: nikel eduki handiko oxido metalikoetan oinarritutako katodorako material aktiboak garatzea; anodoaren optimizazioa, prestazio altuko eta gainazaleko tratamendu aurreratuko litio metalikoa prozesatuz; elektrolito solidoen eroankortasun ionikoaren hobekuntza giro-tenperaturan, berritzaile hibrido organiko-inorganikoak garatuz; interfazeak optimizatzeko eta aztertzeko tekniken inplementazioa litioaren garraio eraginkorra sustatzeko; eta know-how-aren sorkuntza, prozesatuaren eta bateriak eskala solidoan ekoiztearen esparruan.

Berrikuntza horiei esker, SAFELiMOVE proiektuaren barruan garatutako bateriek 450 Wh/kg-ko energia dentsitate handiagoa, karga azkarragoa eta bizitza erabilgarri luzeagoa emango dituzte. SAFELiMOVEren helburu nagusia etorkizuneko ibilgailu elektrikoen erabiltzaileen eskakizunei erantzutea da, eta horrek mugikortasun elektrikoa eta deskarbonizazioa sustatzea ahalbidetuko du, klimaren aldaketaren agertokietan eragin zuzena izanik.

Ekimena, Europako Batzordearen Horizonte 2020 programaren 2019ko deialdian onartu direnen artean CIC energiGUNEk parte hartzen duen bost proiektuetako bat da, "Baterien belaunaldi berria" atalaren barruan. Horietatik bi euskal zentroak zuzentzen ditu, eta Ikerketa Kooperatibo Zentroak (CIC) duen aurrekontu bateratua 4 milioi eurotik gorakoa da.

Bost proiektu horiek onartzearen ondorioz, baterietarako H2020 programaren 2019ko deialdian Estatu osoan finantzaketa handiena lortu duen erakundea da zentroa. Izan ere, aurkeztutako 11 proposamenetatik 5 onartu dira, eta, ondorioz, arrakasta-tasa % 46koa da, Espainiako % 12,1eko batez bestekoaren gainetik.

 

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energiaren biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas.

Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 600 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 40 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte. 

 

Gure cookie eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu, erabiltzaileen nabigatze azterketa egin ahal izateko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu hemen.