CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, mundu osoko ikertzaileak, industria arloko profesionalak eta erakundeetako arduradunak bilduko ditu berriro Gasteizen, euskal zentroak bi urtean behin antolatzen duen “Power Our Future” Kongresuaren inguruan, baterien eta kondentsadoreen teknologien azken aurrerapenak eta joerak aztertzeko. Hitzordua uztailaren 8tik 11ra izango da, Europa Jauregian, eta 12 herrialdetatik etorritako ehun lagun baino gehiago elkartuko dira bertan.
Aurreko edizioetan bezala, “Power Our Future” kongresuko Chairman-a Michel Armand irakaslea izango da, CIC energiGUNEko elektrokimikaren arloko ohorezko zuzendari zientifikoa eta maila guztietan Euskadiko ikertzaile garrantzitsuentzat jotzen dena, baita Energiaren arloko Espainiako 1. zientzialaria ere, Stanfordeko Unibertsitatearen urteko ranking ospetsuaren arabera.
“Energia elektrokimikoa biltegiratzeko teknologien garapena erabakigarria da etorkizun energetiko jasangarria eraikitzeko, eta “Power Our Future” kongresuan epe labur eta ertainera espero dezakegunaren ikuspegi oso hurbila eta zehatza izango dugu”, adierazi du Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze eta Bihurketa Arloko zuzendari zientifiko eta Kongresuko Presidenteordeak.
Horri dagokionez, “Power Our Future” kongresuaren seigarren edizioak erreferentziazko plataforma gisa sendotzea du helburu, energia biltegiratzeko teknologien garapenean inplikatutako eragile guztiek ikerketa arloko azken aurrerapenak, soluzio berritzaileenak eta baterien eta kondentsadoreen teknologietan sortzen ari diren joerak partekatu ahal izateko.
Horretarako, mundu osoko aditu eta hizlari nabarmenek parte hartuko dute, hala nola Antoni Forner Cuenca ingeniari kimiko eta ikertzaile nagusi Eindhoveneko Unibertsitate Teknologikoan (Herbehereak). 2025eko Ikerketako Gironako Printzesa Saria jaso zuen, “energia biltegiratzeko eta bihurtzeko sistema berrien garapenean eta, zehazki, eskala handiko biltegiratze baterietarako elektrodo porotsu jasangarrien garapenean egindako ekarpenengatik”.
Hauek ere hartuko dute parte: Maria Forsyth (Deakin University); Nuria Lopez (Institut Catalá d´Investigació Quimica ICIQ); Dominic Bresser (Universität Ulm & Karlsruher Institut für Technologie); Ivana Hasa (University of Warwick); Nuria García-Araez (University of Southampton); Heng Zhang (Huazhong University of Science and Technology); Sara Drvarič Talian (Kemijski inštitut - National Institute of Chemistry); Fréderic Maillard (Université Grenoble Alpes); Anja Bielefeld (Justus-Liebig University Giessen); Alexander Shaplov (Luxembourg Institute of Science and Technology) eta Claudio Cazorla (Universitat Politècnica de Catalunya).
"Power Our Future" programaren inaugurazio ekitaldia uztailaren 8an, asteartean, hasiko da. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesa du. Era berean, aurten babesle entzutetsuak izango ditu, hala nola BRUKER BIOSPIN zientzia-ekipoen fabrikatzailea, BIOLOGIC elektrokimikarako instrumentalizazioaren liderra edo WILEY editore zientifikoa.
Ekitaldiaren webgunean kontsulta daitekeen saioen programaren barruan, “Power Our Future” kongresuak izaera industrial nabarmena duen saio bat sartu du berriro. Hala, uztailaren 10ean, osteguna, hainbat sektoretako nazioarteko adituek baterien ikerketaren egoera aztertuko dute, Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko Zuzendariak moderatutako mahai-inguruan. Saioan konpainia nabarmenetako ordezkariak izango dira, hala nola VDI, DNV, Arkema, Saft, Suez edo Ingeteam.
Zehazki, saioak funtsezko hiru gai izango ditu ardatz: baterien garapenaren erronka teknologikoak; biltegiratze soluzioen inplementazio komertzialerako aukerak eta oztopoak; eta energia trantsizioa bizkortzeko politika publikoek eta sektore arteko lankidetzak duten zeregina. CIC energiGUNEk nabarmendu du saioak interesa duela tokiko industriarentzat, etorkizunean giltzarria izango den merkatuan kokatzeko, eta, beraz, ekitaldian egoteko dei berezia egin du.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE erreferentziazko zentroa da energia elektrokimikoaren biltegiratzean (bateriak eta kondentsadoreak), energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan. Bere 14 urteko esperientzian, CIC energiGUNE nazioarteko erreferente nagusietako gisa finkatu da egoera solidoko baterien arloan, eta energiaren biltegiratzean Europa hegoaldeko erreferentzia nagusia bihurtu da. BasqueResearch&Technology Alliance-BRTAko kide ere bada.
2011n abian jarri zenetik, CIC energiGUNEk 303 I+G proiektutan hartu du parte, horietatik 40 baino gehiago Europa mailakoak, 1.000 argitalpen zientifikotik gora ditu eta ehun proiektu baino gehiago gauzatu ditu industriarekin lankidetzan, horrela industriako produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzen lagunduz. Horretarako, CIC energiGUNEk instalazio bereziak ditu, eta horien artean, biltegiratze elektrokimikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira.