BCARE, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC energiGUNEtik sortutako spin off-ak Soraya Romo Díez izendatu du enpresako Zuzendari Nagusi berri. Aukeraketa hori, startupak sektorean une honetan betetzen duen erreferentziazko lekua sendotzeko eta bere eredua negozio bide berrietara hedatzeko prozesuari laguntzeko apustu estrategikoaren barruan dago.
“Soraya Romo Diezen izendapena oso garrantzitsua da BCARErentzat, etorkizunera begira erronka berriei modu ordenatuan aurre egiteko aukera emango digulako, baina ondo egiten ari garenarekin lotura galdu gabe”, adierazi du Javier Olarte BCAREko CEOak.
“Oso pozgarria da egiaztatzea hemen, CIC energiGUNEn, sortu den eta hain denbora laburrean arrakasta izateko eta sendotzeko gai izan den proiektu batek erronka berriei aurre egiteko hazten jarraitzen duela”, adierazi du Nuria Gisbertek, spin-off-eko presidente eta energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den CIC EnergiGUNEko zuzendariak.
Soraya Romo Díez industria ingeniaria da, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du sektorean. Bere ibilbidea profil teknikoetan hasi zuen eta, azken 10 urteetan, zuzendaritza eta gerentzia postuak bete ditu. Iberdrolatik eta Vinci Energiesetik eta Velatia eta Lekunbide Taldea familia-enpresetatik igaro da, besteak beste.
Euskal Herriko Unibertsitatean Industria Ingeniari gisa duen prestakuntzaz gain, BCAREko Zuzendari Nagusi berriak EHU/UPVko “Enpresa Lehiakortasunerako Kudeaketa Masterra” izeneko Executive MBA GECEMa du, eta IE Business School-eko goi-zuzendaritzako “Advanced Management Program” programa osatu du.
BCAREri buruz
BCARE, baterien eta kondentsadoreen diagnostikoan eta aurreikuspenean balio erantsiko zerbitzuak eta energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako gaietan kontsultoretza zerbitzuak ematera bideratutako CIC energiGUNEren lehenengo spin-off-a da. BCARE aholkularitza integraleko zerbitzu enpresa da, eta bertatik hau eskaintzen du: azterketa eta laguntasuna baterien eta kondentsadoreen teknologien aukeraketan, kimika ezagupenetan oinarrituta; baterien jokabidearen aurreikuspeneko diagnostikoa; erabiltzen ari diren baterien bizi itxaropena eta errendimendua hobetzeko analisia, diagnostikoa eta aholkularitza; auditoretzak egitea, hirugarren parte gisa; biltegiratze soluzio berrien ebaluazio tekniko-ekonomikoa; eta bateriaren akatsaren zergatien post-mortem azterketa.