CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, litiozko metalezko bateriaren gelaxken teknologia berria garatzen ari da, egoera solido hibrido berritzaile, seguru, errendimendu handiko eta eskalagarriko elektrolito batean oinarrituta. Ikerketa hori Europako ADVAGEN proiektuaren parte da. Bertan euskal zentroak hartzen du parte bateriaren sektoreko funtsezko 13 eragilerekin batera.
“Europak lehiarako abantaila bat behar du, mugikortasun elektrikoaren aldeko lasterketan Asiako lehiari aurre egiteko, eta proiektu honek itxaropen onak eskaintzen ditu helburu horri dagokionez”, ziurtatu du Jokin Rikarte CIC energiGUNEk proiektuan duen ikertzaile nagusiak. Grazia Accardo CIC energiGUNEko proiektuaren arduradunak azpimarratu duenez, “ADVAGENen bidez egoera solidoko bateriek dentsitate energetiko eta errendimendu handiagoa eta segurtasun gehiago eskaintzea, eta litiozko bateria arruntek baino kostu txikiagoa izatea lortuko dugu”.
Litiozko metalezko gelaxken teknologia berria (LiM) hiru fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, egoera solidoko elektrolito hibridoak garatuko dira (oxidoa eta sulfuroa), beharrezko eroankortasuna lortzeko. Nikel ugariko katodoak, metalezko litiozko anodoak eta interfaseak optimizatzeko babes-geruzak ere garatuko dira.
Bigarrenik, gelaxka txikien (gehienez 1 Ah) eta handien (10 Ah) prototipoa sortuko da “pouch” formatuan, materialen eskalagarritasuna ebaluatzeko. Eta, azkenik, bateria-gelaxken errendimendua, segurtasuna eta zahartzea ebaluatuko dira.