CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, egoera solidoko baterietan 3D inprimaketa-teknologia aplikatzeko ari da lanean. Nazioartean erreferentea da esparru horretan. Ikerketa 3DSTORE proiektuaren barruan dago. Proiektu horretan, euskal zentroak bazkide ikertzaile gisa jarduten du, Kataluniako IREC-Institut de Recerca en Energia buru duten esparru akademiko, zientifiko eta industrialeko Estatuko beste lau erakunderekin batera.
Pedro López-Aranguren CIC energiGUNEko Ikerketa Taldeko elektrolito aurreratuen eta gelaxken ikerketa-lerroko buruak ziurtatu duenez, “3D inprimaketaren bidez baterien fabrikazioa digitalizatzeko aukera urrats erabakigarria da Gauzen Interneten etorkizuneko gailuak eta aplikazioak merkaturatzeko”. “Kontuan hartuta fabrikazio hori egoera solidoko bateriekin bakarrik egin daitekeela, erreferentzia-zentro gisa posizio pribilegiatuan gaude proiektuak eskatzen dituen erantzunak eman ahal izateko”, ziurtatu du.
Ildo horretan, 3DSTORE proiektu aitzindaritzat har daiteke, eta bere helburua 3D inprimaketa IoT motako nitxo aplikazioetarako fabrikazio teknika eskalagarri eta jasangarria dela frogatzea da. Zehatzago, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “Ildo Estrategikoak” programaren barruan diruz lagundutako proiektu horren helburu nagusia, modu digitalean fabrikatutako eta industria-agertoki eta azpiegitura kritikoetan IoT aplikazioetarako eskuragarri dauden errendimendu handiko litio-ioien bateria aurreratuen belaunaldi berri bat garatzea da.