CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide den euskal ikerketa-zentroak, Europako MUSIC proiektua abiarazteko topaketa hartu du Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan. Proiektu horren helburua ion-sodio teknologian oinarritutako prestazio handiko biltegiratze elektrokimikoko sistemak egitea da. Topaketa atzo hasi zen eta gaur amaitu da, eta Gasteizen 12 bazkideen ordezkariak bildu dira, besteak beste, Karlsruher Institut Fuer Technologie (KIT), Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) eta BCARE.
“Proiektu honek energia elektrokimikoaren biltegiratzearen arloko behar espezifiko bati erantzun nahi dio”, ziurtatu du Jon Ajuria MUSIC proiekturako CIC energiGUNEko ikertzaile nagusiak. “Ion-sodio arloan teknologia berri bati atea irekiko diogu, gailu horien dentsitate energetikoa potentzia-baterien dentsitate energetikoaren antzekoa izan dadin, baina kargatzeko oso denbora laburrarekin –segundo gutxi batzuk–, eta oso eraginkortasun-galera txikiarekin”, adierazi du.
MUSIC proiektuak, gainera, oso irizpide zorrotzak barneratzen ditu jasangarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren arloan. Horrela, ion-sodio teknologiaren garapenean, kaltegarriak izan daitezkeen substantziak erabiltzea saihestuko da, eta elektrodo aurreratu berriak baino ez dira sortuko, material karbonazeoetan eta izaera biopolimerikoko aglutinatzaileetan oinarrituta, diseinuan jasangarriak diren elektrolito berdeekin batera.