CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, zabaldu egingo du ikasturte honetatik aurrera Energia Biltegiratzeko eta Bihurtzeko Materialen MESC+ Erasmus Mundus masterrarekin, nazioarte mailan arlo horretan ospe eta aintzatespen handiena duenetako batekin, duen harremana eta lankidetza. MESC+ masterreko ikasleek urteak daramatzate euren praktikak euskal zentroan egiten, eta ikasturte honetatik aurrera masterreko prestakuntza ere emango du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU/UPV) lankidetzan.
“Master hau Euskadira ekartzea mugarria da gure ekosistema akademikorako eta ikertzailerako, eta gure erakundeak erronka honi aurre egiteko mailan daudela erakusten du”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendariak. “Ahalegin handia eta etengabea egin da denboran zehar MESC+ Euskadin egotea lortzeko, eta hori lortu izanak sendotu egiten du energiaren biltegiratzearekin zerikusia duen guztian erreferentziazko polo gisa betetzen dugun lekua”.
Klase teorikoak Bilboko Ingeniaritza Eskolaren instalazioetan emango dira, eta gaur goizean bertan egin da masterraren edizio berriaren aurkezpena. Bertan, ikasleei ikastaroaren edukia eta EHU/UPVko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen Sailaren eta CIC EnergiGUNEren funtzionamendua azaldu zaizkie. Klaseak 2020. urte honetan hasiko diren arren, CIC energiGUNEren eta MESC+ zentroaren arteko lankidetza duela urte batzuk hasi zen. Izan ere, zentroak masterreko hainbat ikasle hartu ditu euren praktika aldian, eta horietako batzuek euren Doktoretza zentroak Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan egitea erabaki dute.