CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, % 100eko arrakasta-tasa lortu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak” deialdian, Ikerketa Orientatuaren modalitatean. Zehazki, Berrikuntzarako Estatu Agentziak euskal zentroak gizartearen erronkei erantzuteko tresna gisa ezagutza zientifikoaren aurrerapena sustatuko duten proposamen berritzaileen garapena diruz laguntzera bideratuta dagoen programa honetarako aurkeztutako 4 proiektuak finantzatzea onartu du.
“Izugarrizko poza eta gure ikertzaile-taldearen maila handiaren erakusgarri da deialdi honetan % 100eko arrakasta-tasa lortu izana”, ziurtatu du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. “Gure proposamen guztiak onartzeak esan nahi du gure baliabideak eta berrikuntzarako gaitasuna gizartearen beharrekin eta etorkizun hurbilean aurre egin beharreko erronkekin guztiz lerrokatuta daudela”, adierazi du.
Onartutako lau proiektuetatik hiru CIC energiGUNEren banakako proposamenak dira, zentroak Euskadiko Parke Teknologikoko Gasteizko Campusean dituen instalazioek gidatu eta garatutakoak. Laugarren proposamena CIC energiGUNE azpi-proiektuetako baten buru den lankidetza-proiektua da.
PID 2022 deialdian sartutako lehen proiektua ION-POLY da, eta elektrolito solido polimerikoko eta litio metalikoko bateria berriak garatzea du helburu. Teknologiari dagokionez, mota horretako osagaiak litiozko ioien egungo baterien mugak gainditzeko lehiakide teknologiko egoki eta fidagarrienetakoa dira, eta etorkizun energetiko jasangarriagorako trantsizioa bultzatzen dute, ibilgailu elektrikoen eremuan izan dezaketen inpaktuarengatik batez ere. Zehazki, CIC energiGUNEk teknologia mota horren energia-dentsitatea eta kargatze- eta deskargatze-zikloen kopurua handitzea bilatzen du, eta, horrela, garapena zailtzen duten egungo mugak gainditzen lagundu, eta haien aplikazioa bultzatuko du.
SMART proiektua ere gaur egun baterien esparruan nagusi den eta litio-ion teknologian oinarrituta dagoen ereduaren alternatiba indartzeko nahitik sortu da. Zehazki, CIC energiGUNEren proposamenak ion-sodio baterietarako elektrodo-materialen garapena bizkortu nahi du, ion-litioaren aurrean ingurumen- eta ekoizpen-abantailak eskaintzen dituelako. Horretarako, SMARTek, plangintza esperimental optimizatua ahalbidetuko duen adimen artifizialak lagundutako errendimendu handiko ikerketa-metodo berritzaileak garatuko ditu. Azken emaitza ion-sodio bateriak ion-litio bateriekin lehiatzea ahalbidetuko duten material berriak identifikatzea izango da.
CIC energiGUNE buru den hirugarren proposamena TWICE da. Oso osagai berritzailea du, epe laburrean gure gizarteari, hurrengo belaunaldiei eta planetaren jasangarritasunari eragiten dieten erronka garrantzitsuenetako biri aurre egiteko. Alde batetik, urtero sortzen den hondakin plastiko kopuru handiaren kudeaketa adimendunari, eta, bestetik, kostu txikiko energia jasangarri eta garbia sortzeari. Helburu bikoitz horrekin, TWICEn, likido ionikoetan oinarritutako sistema katalitiko berritzaileak (IL-CATS) eta mikrouhin (MWak) bidezko beroketa uztartzen diren metodo berritzailea proposatzen da, hondakin plastikotik (poliolefinak) abiatuta produktu deskarbonizatuak (H2 eta karbono-materialak) gaika ekoizteko, birziklatze-tasa baxuarekin, klimaren aldaketa globalaren erronkei eta ekonomia zirkularrari erantzunez.
Azkenik, Berrikuntzako Estatu Agentziak onartutako laugarren proiektua OASIS da, CIC energiGUNE buru den azpiproiektua, eta sinterizazio ultra-azkarreko teknika aurreratuak garatzera bideratuta dagoen FASSION lankidetza-proiektuaren (Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuko Zeramika Funtzional eta Egituratuen Prozesatze eta Karakterizazio (ProCaCef) taldea buru duena) barruan dago. Kasu honetan, OASIS azpiproiektuak egoera solidoko oxido eta haluro baterietan lan egitearen aldeko apustua egiten du, eta, zehatzago, oxidoetan oinarritutako gelaxka osoen prozesamenduan gaur egun gertatzen den botila-lepoa gainditzearen aldekoa. Horretarako, tenperatura altua eta sinterizazio-denbora murriztu egingo dira. Aldi berean, ikerketa-lanak halurozko elektrolito solido berriak garatzea ahalbidetuko du, tentsio handiko egoera solidoko bateriak fabrikatzeko bidean aurrera egiteko.