CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, abiazio elektrikoa aireratzea erraztuko duten halurozko egoera solidoko bateria berriak garatzen hasi dira. Lan hori HELENA proiektu europarraren barruan dago. Atzotik, proiektua abiarazteko bilera egiten ari dira CIC energiGUNEren egoitzan, euskal zentroaren gidaritzapean ekimenaren parte diren 15 erakundeen partaidetzarekin.
“Bost edo hamar urteren buruan, abiazio elektrikoa aireratzeko prest egongo da, eta premiazkoa izango da sektoreak segurtasuna eta eraginkortasuna eskainiko duen alternatiba energetiko bat izatea”, adierazi du Pedro López-Aranguren Proiektuaren Koordinatzaile eta Ikertzaile Nagusiak. Bere esanetan, “HELENAk korronte altuetan eta ziklatu egonkorrean errendimendu optimizatua duten egoera solidoko bateriak diseinatzeko teknologia disruptiboa proposatzen du, eta horrek ibilgailu elektrikoetan eta, bereziki, hegazkinetan bateria horiek erabiltzea ahalbidetuko du.”
Zehazki, HELENAren helburua, dentsitate energetiko eta potentzia handiko egoera solido seguruko bateria eraginkorrak garatzea da, voltaje handiko material aktiboan, gaitasun handiko litio metalikoko anodoan eta litiozko halurozko elektrolito eroalean oinarrituta. Garapen horrekin, azken erabiltzaileak distantzia luzeetarako eta bateria azkar kargatzeko mugikortasun elektrikoaren prestazioak hobetu ahal izango ditu. Gainera, teknologia eskalatzeak biltegiratze-gailu horien fabrikazioaren kostuak murriztea ahalbidetuko du.