CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak webinar bat egin du gaur, IMAGE proiektu europarraren barruan, egoera solidoko baterien garapena bultzatzeko. “Solid-state batteries, manufacturing the future” izenburupean, euskal zentroak sektoreko aditu ezagunak bildu ditu, materialen esparrutik hasi eta aplikazio automotrizeak eta finkoak aztertzera, beste industria garrantzitsu batzuk eta merkatuko joerak ahaztu gabe. Mundu osoko 300 profesional baino gehiago, ikerketa-zentroetakoak eta automobilgintzakoak batez ere, izan dira ekitaldian, modu birtualean.
Kristina Edström, Uppsalako Unibertsitateko Kimika ez-organikoko irakaslea eta Battery 2030Plus ekimenaren koordinatzailea; eta Michel Armand irakaslea, CIC energiGUNEko aholkulari zientifikoa eta elektrolito polimerikoa duten egoera solidoko baterien “aita”, izan dira webinarrean parte hartu duten hizlarietako bi, gaian adituak diren beste batzuekin batera. Horien artean daude, besteak beste, Roberto Pacios CIC energiGUNEko biltegiratze elektrokimikoaren arloko teknologia-koordinatzailea eta Steven J. Visco PolyPlus Battery Companyko zuzendaria.
“Egoera solidoko bateriei behin betiko bultzada emateko unea da”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendariak. “Europako ekosistema teknologia horren abangoardian jartzea lortzen badugu, mugikortasun elektrikoaren barruan oraindik beste merkatu batzuetatik bereizten gaituen arrakalaren zati handi bat itxiko dugu. Horregatik, oso garrantzitsua da eragile guztiak egoera solidoko baterien garapenean inplikatzea”, gaineratu du.
IMAGE Proiektua
CIC energiGUNEk IMAGE (Europan hurrengo belaunaldiko baterietarako fabrikazio-ibilbide berritzaileak, GA 769929) proiektu europarraren barruan egiten dituen jardueren parte da ekitaldi hori. Proiektu horren helburua litiozko baterien gelaxkak fabrikatzeko Europako gaitasunaren eta ahalmenaren garapen jasangarrian laguntzea da, ekoizpen lehiakorra sortuz. Europako Batzordeak Horizonte 2020 programaren bitartez finantzatuta, Europan egoera solidoko bateriak fabrikatzea ahalbidetuko duen teknologia garatu nahi du, elektrolito likidoan oinarritutako litiozko egungo produktuak ordezteko.
IMAGE proiektuak etorkizuneko litiozko baterien industria europarra bultzatzea du helburu, eta baita material aurreratuen garapenean eta fabrikazioan eragile gisa eta Li-Ion gelaxken hurrengo belaunaldian duen posizionamendua ere. Horrela, IMAGE litioa anodo moduan hartzen zentratzen da, kontzeptu solidoekin konbinatuz eta bere mihiztadura eta fabrikazio aukerak aztertuz. Horrela, gelaxken diseinuei esker, prestazio tekniko hobeak eta segurtasunaren kontrol handiagoa dituzten energia-dentsitate handiko bateriak lortuko dira.
IMAGE proiektuan egindako lanari esker, ibilgailu elektrikoen baterien (BEV) eta energia biltegiratzearen (BESS) zehaztapenei eta eskakizunei erantzun ahal izango zaie, eta horrek industria-ekoizpenera bideratutako prototipoak lortzea ekarriko du. Izan ere, lanak kostu merkeagoetarako bidea irekitzea eta energia espezifikoa 300 Wh/kg baino gehiago haztea espero da.
IMAGE proiektua 2017ko azaroan hasi zen, eta urrian amaituko da, 4 urteko jarduera zientifiko biziaren eta 4,9 milioi euroko aurrekontuaren ondoren. AVLk koordinatutako partzuergoa 13 erakundek osatzen dute: CIC energiGUNE, VUB, BMW Group, VARTA Microbattery, UMICORE, ARKEMA France, Hydro-Quebec, CIDETEC Energy Storage, RWTH Aachen, TU Graz, VARTA Storage eta MANZ Italy.