MESC+ Erasmus Mundus masterra, energiaren arloan munduko ospetsuenetakoa, lehen aldiz ari da ematen Euskadin iaztik, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide den CIC energiGUNE euskal ikerketa-zentroaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) arteko baterako ekimenari esker. Munduko 52 herrialdetako ikasleen 315 eskaera jaso dira datorren ikasturterako izena emateko.
Zifra horrek, 17 urteko ibilbidean izandako altuenak, agerian uzten du master horren barruan bi euskal erakundeek pizten duten interes globala, prestakuntza-prozesu teorikoa eta nahitaezko praktikaldia gauzatzeko ikasleek gehien eskatzen dituztenen artean baitaude.
“MESC+ programarekin izan dugun lankidetza modu naturalean joan da indartzen, ikasleentzako praktika-zentro gisa dugun posiziotik eta industria-beka bat ematetik abiatuta, eta ikasturte honetan funtsezko urratsa eman du”, adierazi du Montse Casas-Cabanas doktoreak, CIC energiGUNEko energia elektrokimikoaren biltegiratze-arloko koordinatzaile zientifikoak eta irakasle-taldeko arduradunak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ion Agirre eta Iñaki Gandarias doktoreekin batera. “Hirugarren seihilekoko prestakuntza akademikoa eskaintzeko EHUrekin batera egindako ekimenari eta akreditatutako irakasleen lan bikainari esker, Euskadi masterraren erreferentziazko lekuan jarri dugu”.
MESC+ masterrak 30 plaza inguru eskaintzen ditu, bi urteko iraupena du eta 4 seihilekotan banatzen da. Lehenengo biak Polonian (Varsoviako Teknologia Unibertsitatean) eta Frantzian (Toulouse III Paul Sabatier Unibertsitatean) egiten dira ezinbestean. Hirugarren seihilekoa, ikasleen interesen eta masterraren ardura duen partzuergoaren erabakiaren arabera gauzatzen da, eta hiru aukera daude. Iaztik, Euskal Herriko Unibertsitatea horien artean dago. Ondorioz, 2020ko irailetik 2021eko urtarrilera bitarteko seihilekoan, nazioarteko 9 ikaslek euren prestakuntza akademikoa Euskadin osatu zuten.