CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, beste urrats bat eman du jasangarritasun teknologikoan erreferentziazko eragile gisa finkatzeko, “The International EPD System” erakunde ziurtatzaile liderrak bultzatutako “Ekipo elektroniko eta elektrikoak eta osagai elektrikoak” arlorako Product Category Rule (PCR) berriaren lanketan modu aktiboan parte hartu ondoren. Arau hori da ingurumen-irizpide berrien arabera argitaratzen den lehen PCRa, eta euren gailuetarako Produktuaren Ingurumen Adierazpena lortu nahi duten fabrikatzaileek aplikatu egin beharko dute.
“PCR hori argitaratzea funtsezkoa da baterien industriarako, estandarizazioaren bidez funtsezko alderdiak bultzatzeko aukera ematen duelako, hala nola gailuen birziklagarritasuna, haien bizi-zikloaren optimizazioa, edo teknologia garbien berrikuntza sinesgarria eta gardena”, adierazi du Araua egiten modu aktiboan parte hartu duen Andrea Casas CIC energiGUNEko jasangarritasunaren arduradunak.
PCR horren helburu nagusia –enpresa ziurtatzailea egiten ari den Product Category Rule delakoari egokitzeko prozesuan ezagutzera ematen den lehena– ekipo elektronikoen eta elektrikoen bizi-zikloan zehar ingurumen-jarduna ebaluatzeko arauak, eskakizunak eta metodologia definitzea da. Horrela, CIC energiGUNEren parte-hartzeak bateriaren industriarako erreferentziazko erakunde gisa kokatzen du euskal zentroa; izan ere, –eskatutako jasangarritasun-irizpideak zehatz-mehatz ezagutzeaz gain– zuzenean lagundu du baterien alderdi kritikoen kudeaketan (materialak, birziklagarritasuna, hondakinak...), CIC energiGUNEn sustatzen diren Jasangarritasun Helburuak aplikatuz.