CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, fabrikazio-kostuak eta Europak material kritikoekiko duen mendekotasuna murriztea ahalbidetuko duten eta hidrogeno berdearen ekoizpen eraginkor eta segurua erraztuko duten elektrolizagailu desakoplatuetarako material jasangarri berriak ari da garatzen. Ikerketa lan hau CIC energiGUNEn osorik kudeatzen den eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak” finantzaketa programan sartu den READER proiektuaren barruan dago.
“READER proiektu bakarra eta berritzailea da, eta eragin zuzena izango du hidrogeno berdearen ekoizpen jasangarrian eta kostu txikikoan”, ziurtatu du Paramaconi Rodríguez Ikerbasque Professor eta CIC energiGUNEko Hidrogenoaren Teknologia Elektrokimikoen Ikerketa Taldeko arduradunak. “Izan ere, Europako industriarentzat enpresa garapenerako aukera handia sortuko dugu, jada ez baita hirugarren herrialdeen mende egon beharko platinoaren taldekoak bezalako metal preziatuak eskuratzeko, elektrolizagailuak fabrikatzeari dagokionez”, azpimarratu du Eduardo Sanchez doktoreak, proiektuaren zuzendarikide eta CIC energiGUNEn energia elektrokimikoa biltegiratzearen arloko ikertzaileak.