Juan Forero-Saboya doktoratu ondoko ikertzaileak Marie Curie (MSCA) beka bat jaso du Montse Casas-Cabanas Zuzendari Zientifikoak Ikertzaile Nagusi gisa koordinatuko duen NoF-LIME proiektua aurrera eramateko.

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, fluorrik gabeko litio-metalezko baterietarako elektrolito berritzaileen garapena bultzatuko du. Horrek eraginkortasuna eta, batez ere, jasangarritasuna hobetuko ditu, ingurumen-inpaktua murriztuz. Juan Forero-Saboya CIC energiGUNEko doktoratu ondoko ikertzaileari Marie Curie (MSCA) beka bat eman zaio CIC energiGUNE buru den eta Boston College eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) lankidetzan ari diren NoF-LIME proiektua abian jartzeko.

“Ezagutza espezializatuen konbinazioak eta ingurumena gehiago errespetatuko duen elektrolito jasangarriagorantz bideratzeak aldaketa nabarmena eragin dezakete hurrengo belaunaldiko baterien garapenean”, iragarri du, euskal zentroan Juan Forero-Saboyaren gainbegirale gisa jardungo duen Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko Zuzendari Zientifikoak. “Ziur gaude proiektu honen arrakastak funtsezko jauzia eragingo duela fluorrean aberatsak diren konposatuekiko mendekotasun konbentzionalarekin alderatuta, eta horrek elektrolito jasangarriagoak formulatzeko potentziala erakutsiko du”, ziurtatu du.

CIC energiGUNEko Material Organikoen eta Hibridoen Ikerketa Taldeetako kidea den Juan Forero-Savoya Boston Collegen hasiko da NoF-LIME proiektua garatzen. Lehenengo 8 hilabeteetan, elektrolitorako gatz berrien diseinuan eta sintesian egingo du lan Boston Collegen, elektrolitoen formulazioan eta ebaluazioan aditua den Alexis Grimaud doktorearen gainbegiradapean.

Ondoren, Forero-Savoya doktorea MITera joango da, eta han solido-elektrolito interfazea kuantifikatzeko eta aztertzeko metodo aurreratuak garatuko ditu. Estatu Batuetako zentro ezagunean, SEIren (elektrolito solidoaren interfasea) analisian eta kuantifikazioan aditua den Betar Gallant irakaslearen laguntza eta gainbegiraketa izango ditu. Azkenik, Forero-Saboya Gasteizera itzuliko da mihiztatze-saiakuntzak eta gelaxka osoen probak egiteko.

“Proiektu honen alderdirik interesgarriena da litio-metaleko baterietan fluoratu gabeko gatzak erabiliz, zientziaren arloan berrikuntzak egiteaz gain, eliteko ikertzaile bat elektrolitoen arloan trebatu nahi duela, nazioartean ospea duten zentroekin lankidetzan abangoardiako trebetasun teknikoak eta praktikoak emanez”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko Zuzendari Nagusiak. “Horrela, CIC energiGUNEk sektorean erreferente gisa duen posizioa indartzen dugu, bai proiektuei dagokienez, bai ikertzaileei dagokienez”, adierazi du.

NoF-LIME proiektuak inflexio-puntua izan nahi du gatz fluoratuetan eta gehigarrietan zentratzen diren litio-metalezko baterietarako elektrolitoen ingeniaritzako egungo joeren aurrean. Ildo horretan, berriki egindako ikerketek iradokitzen dute Li2O izenekoa SEI osagai komenigarriagoa izan daitekeela. Horrela, NoF-LiMEk paradigma aldaketa bilatzen du, elektrolitoetarako fluorrik gabeko gatzetan zentratzen baita, ingurumena errespetatzen duten elementu jasangarriagoak sortuz.

Cookies on this website are used to personalize content and advertisements, provide social media features, and analyze traffic. You can get more information and configure your preferences HERE