CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, baterien eta kondentsadoreen nazioarteko aditu nagusiak bilduko ditu berriro Arabako hiriburuan, euskal zentroak bi urtean behin baterien eta kondentsadoreen teknologietan mundu mailan egin diren azken aurrerapenak eta joerak aztertzeko antolatzen duen “Power Our Future” kongresuaren barruan. Hitzordua uztailaren 5etik 8ra egingo da Europa Jauregian, eta sektorean goi mailako garrantzia duten 140 ikertzaile eta aditu izango dira bertan, euren artean Michel Armand, CIC energiGUNEko zientzialaria –Stanford-eko Unibertsitatearen arabera Energiaren arloko Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena– eta Kongresuaren bosgarren edizio honetako presidentea.
“Pandemiak behartutako hiru urteko geldialdiaren ondoren, aurten ilusio handiz ekin diogu berriro Kongresuari, batez ere baterien belaunaldi berriaren garapenaren aldeko lasterketan puntu erabakigarria lortu dugulakoan: industrializazioa”, ziurtatu du Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko “Power Our Future” kongresuko presidenteorde eta Biltegiratze Elektrokimikoko Arloko Koordinatzaile Zientifikoak.
Horrela, “Power Our Future” kongresuko antolakuntzak berrikuntza bat sartu du edizio honetan: industriara zuzendutako saio espezifikoa, ikerketa-lanerako sarbideak errazteko. Topaketa uztailaren 8an izango da, ostirala, Kongresuaren programari amaiera emateko, eta BASQUEVOLT, BCARE edo Blue Solutions bezalako enpresek parte hartuko dute, besteak beste.