CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, ion-sodio bateriari buruzko Nazioarteko Tailerra antolatu du gaurko eta biharko. Modu birtualean egingo den topaketak mundu osoko 500 aditu baino gehiago erakarri ditu. Une honetan, ion-litio bateria material jasangarriago eta ugariagoekin ordezteko lasterketak sodio-ion teknologia (Na-ion) berriro jarri du foku mediatikoan, bereziki CALT fabrikatzaile txinatarrak duela gutxi ion-sodio baterien merkatura sartuko dela iragarri ondoren.
“Auto elektrikoaren arloan, litioaren aldean gaur egun aukera nagusia ez den arren, ez da ahaztu behar teknologia horrek abantaila asko dituela, jasangarritasunari, ugaritasunari eta lehengaien kostuari dagokienez, eta, ondorioz, arlo horretako ikerketari eustea eta hura indartzea merezi duela”, adierazi du Montserrat Galcerán doktoreak, CIC energiGUNEren Na-Ionen ikerketa-lerroaren arduradun eta Tailerraren koordinatzaileak. “Edonola ere, dituzten ezaugarriengatik, litioaren alternatiba bikaina dira biltegiratze egonkorrari dagokionez, adibidez, batez ere epe luzean, litio baliabideen eskuragarritasuna ez baitago argi", ziurtatu du Montse Casas-Cabanas Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze Arloko koordinatzaile zientifikoak.
Zentzu horretan, gaur, asteazkenean, eta bihar, ostegunean, formatu birtualean egingo den ekitaldia ion-sodio bateriekin eta horien aplikazioekin erlazionatutako abangoardiako ikerketen aurkikuntzen eztabaida zientifikoa errazteko nazioarteko foroa izango da. Tailerrean sektore akademiko eta profesionaleko nazioarteko 500 adituk baino gehiagok hartuko dute parte, eta LIBRA (kostu txikiko eta elementu ugarietan oinarritutako eraginkortasun handiko ion-sodio bateria) nazioarteko proiektuaren barruan dago. Berlingo Humboldt Unibertsitateko Philipp Adelhem irakasleak, Tokioko Zientzien Unibertsitateko Shinichi Komaba irakasleak eta CIC energiGUNE-ko Montserrat Galceran doktoreak zuzentzen dute.
Oro har, proiektuaren helburua aplikazio egonkorretarako elementu ugarietan oinarritutako ion-sodio oso bateria eraginkorrak eta kostu txikikoak esploratzea da. CIC energiGUNEk berebiziko garrantzia du proiektuan, bere ikerketa lana Na-ion baterietan zentratzen baita, egoera solidoan dagoen sodio teknologia barne, eta bere lehentasuna material mailako propietate elektrokimiko eta fisikoak hobetzea da, Na-ion baterien azken errendimendua maximizatzeko helburuarekin.
Workshopeko hizlari nagusien artean Kristina Edström, Uppsalako Unibertsitateko Kimika ez-organikoko irakaslea eta Battery 2030Plus ekimenaren koordinatzailea; Rob Armstrong, St. Andrews Unibertsitateko Material Energetikoetako EaStChem-eko kidea; Jerry Barker, Faradion Limited-eko sortzaile eta zientzialari burua; Maria Forsyth, Australiako Deakin Unibertsitatekoa; Yong-Sheng Hu, Txinako Zientzien Akademiakoa eta HiNa spin-off-aren sortzailea; edo Corsin Battaglia, Empako Energia Konbertsiorako Materialen Laborategiko zuzendaria, daude, besteak beste.