CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, aurreko astean Gasteizen sektoreko aditu nagusien partaidetzarekin egindako “Power Our Future” V. Kongresuaren emaitzaren oso balorazio ona egin du. Erakundeak bereziki nabarmendu du egoera solidoko baterien ekoizpena abian jartzeko industriak duen gaikuntza-maila, bai eta litioaren ordezko metal-ion teknologietan (sodioa edo potasioa) egindako aurrerapen berriak ere.
“Kongresu honen ezaugarri nagusietako bat, baterien arloko gaurkotasuneko gai guztiak barne hartu dituzten ekarpen guztien kalitate maila bikaina izan da: teknologia desberdinetarako material aurreratuak, jasangarritasuna, segurtasuna eta manufakturagarritasuna”, Montse Casas-Cabanas “Power Our Future”-eko presidenteorde, eta CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko Koordinatzaile Zientifikoak adierazi duenez.
Ildo horretan, Casas doktoreak adierazi du Li-ion teknologiaren egungo erronkak eta baterien belaunaldi berriak landu direla, bereziki egoera solidoko bateriak eta Na-ion, K-ion teknologiak, fluxu-bateriak eta superkondentsadoreak. Horretarako, gonbidatutako 17 ponentzia, ahozko 31 ponentzia eta 35 poster egon dira, 10 herrialdetako parte-hartzaileekin.
“Kongresu inklusiboa izan da, genero-balantzea kontuan hartu da, eta karreraren etapa guztietako ikertzaileen parte-hartzea sustatu da, ikertzaile gazteei ikusgaitasuna emanez”, gogorarazi du Casasek. Era berean, aurkeztutako ikerketa askoren inspiratzailea izan den Michel Armand Kongresuko presidente eta CIC energiGUNEko zientzialari ospetsuaren presentzia nabarmendu du.