CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, beroa eta elektrizitatea modu konbinatuan ekoizteko planta berritzaile baten eraikuntza koordinatuko du, siderurgiak arku elektrikoko labe bateko keetan dagoen hondakin-beroa berrerabili ahal izan dezan. Ekimena euskal zentroa buru den HI4S (Heat It yourself For Sustainability) proiektuaren barruan dago, eta 1,5 milioi eurorekin finantzatuko du Europar Batasunak, Ingurumenari buruzko LIFE programaren bidez.
“Errendimendu osoan dagoen planta siderurgiko batean eskala errealeko prototipo bat eraikitzeko eta instalatzeko aukerak proiektua balioztatzeko agertokirik onenean jartzen gaitu”, adierazi du Iñigo Ortega CIC energiGUNEko ingeniari eta proiektuaren ikertzaile nagusiak. “Gainera, ziur gaude industria siderurgikoaren energia-kudeaketa hobetzeaz gain, beste arlo batzuetan ere lagunduko diegula, hala nola azpiproduktu solido baten (zepa beltza) balorizazioan”, gaineratu du Daniel Bielsa CIC energiGUNEko Teknologia koordinatzaileak.
CIC EnergiGUNEk koordinatzen duen HI4S partzuergoak beste sei bazkide ditu: ArcelorMittal, Fivemasa, Enerbasque, Life Cycle Engineering-LCE, SDEA Solutions eta Azterlan. Hain zuzen ere, ArcelorMittalek Sestaon (Bizkaia) dituen instalazioek berreskuratze-plantaren prototipoa hartuko dute, lortu gura diren ingurumen arloko onurak lekuan bertan aztertzeko eta Energia Kontsumo Handiko beste industria batzuetan erreplikagarritasuna aztertzeko.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da HI4S dela CIC energiGUNEk eskala errealean industrian ezarritako biltegiratze termikoko eta beroa berreskuratzeko bigarren soluzioa. Aurrekoa 2019an amaitu zen, REslag proiektuaren (CIC energiGUNEk bere historian gidatutako lehen proiektu europarra) barruan, eta hor ere ArcelorMittalen laguntza izan zuen. Kasu horretan, CIC energiGUNEk, altzairugintzako zepa balorizatzeko atea ireki zuen 1/10 eskalako prototipo erakusle bat garatu zuen.