CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa zentroak, SAFELiMOVE proiektu europarraren hasierako bilera hartuko du ostegun honetatik, urtarrilak 30etik, aurrera. Proiektuak 8 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta etorkizuneko ibilgailu elektrikoarentzako elektrolito solidoko litio metalikozko bateria bat garatzea du helburu, ahalik eta segurtasun eta eraginkortasun handiena bermatzeko.
Bi jardunalditan, partzuergoko 15 erakundeetako (Europako 14 eta Kanadako bat) ordezkariek, proiektuak finantzatzeko EBren Horizonte 2020 deialdian sartu den ekimenaren garapena prestatuko dute Araban. Proiektuaren buru gisa, CIC energiGUNEk ikerketa prozesu osoa koordinatuko du, eta, gainera, elektrolito hibrido berritzaile bat garatzeaz eta interfazeen jokabidea aztertzeaz arduratuko da.
Proiektua euskal zentroaren indargune nagusietako batekin erlazionatuta dago, egoera solidoko bateriekin, hain zuzen ere, CIC energiGUNE kontinenteko erreferente nagusia baita arlo horretan. Posizionamendu hori, Michel Armanden eta bere taldearen lanari esker lortu da. Aipatzekoa da orain dela gutxi, Michel Armandek Stanfordeko Unibertsitatearen energia arloko Estatuko zientzialari garrantzitsuenaren izendapena jaso duela, eta patenteak eta ikerketak partekatzen dituela 2019ko Kimikako Nobel saridunetako birekin, John Goodenough-ekin eta Stanley Whittingham-ekin, hain zuzen ere. Izan ere, nazioarteko komunitate zientifikoak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du Armand.
Euskal ikerkuntza ekosistemak proiektu honetan duen garrantzia, bertan BRTAko (Basque Research & Technology Alliance) beste bi kide egoteak berresten du, Cidetec eta Ikerlan, hain zuzen ere. BRTAko hiru kideen proiektu honetako aurrekontu orokorra 1,9 milioi eurokoa da.