CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance -BRTAko kide den ikerketa zentroa, eraikinen isolamendu termikorako material berri eraginkorragoa, funtzio anitzeko zementu-aparrean oinarritutakoa, merkatuan jarri nahi duen Europa mailako NRG-Storage proiektuarekin erlazionaturiko azterketa lana hastear dago. CIC energiGUNEren lana, NRG aparraren konposatuen osagai guztien karakterizazioan zentratuko da.
NRG-Storage proiektuaren buru Darmstadteko Unibertsitate Teknikoa da eta 12 bazkidek hartzen dute parte, horietako hamaika europarrak eta bat Argentinakoa. CIC energiGUNEz gain, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC) euskal ikerketa zentroa, BRTAko (Basque Research & Technology Alliance) beste kide batek, Tecnaliak, eta Graphenea euskal enpresak, ere hartzen dute parte partzuergoan, eta horrek agerian uzten du berrikuntzaren euskal ekosistemak esparru horretan duen indarra.
Proiektu horren garapena bizileku ez diren eraikinen inguratzaileetan integratutako nanokonposatu porotsuek isolamendua lortzeko eta, aldi berean, biltegiratze termikorako kanal gisa eskaini ditzaketen aukeren inguruan egituratzen da. Oso aukera “berde” berritzailea da, material ez sukoia eta ultra-arina oinarri biologikoko materialekin konbinatuz, NRG aparra izeneko funtzio anitzeko zementu-aparra sortzeko.
CIC energiGUNE bereziki inplikatuta dago NRG-Storage proiektuko laneko bi paketetan: energia termikoa biltegiratzeko osagaien diseinuan eta NRG aparraren erresistentzia eta garapen hobekuntzak identifikatzean. Euskal zentroak bere gain hartuko du material berritzaile horren konposatuen osagai guztien karakterizazioa (grafeno-nanopartikulekin dopatutako zementu-orea eta mikro-kapsulatutako fase-aldaketako materiala), produkzioa erreproduzitzeko aukerak bermatzeko eta energiaren ikuspuntutik portaera onena ziurtatuko duten funtsezko propietate termodinamikoak zehazteko.
Proiektuaren ikerketa-ildo orokorra grafenoz egindako nano-gehigarrien iragazketan oinarritzen da, bai zementu-aparraren matrizean, eta baita oinarri biologikoko frakzioan ere, biltegiratze termikoaren ahalmena, bolumenaren egonkortasuna eta ondoriozko konposatuaren propietate mekanikoak hobetzeko helburuarekin. Lortutako NRG aparra optimizatu egingo da, isolamendu termikoaren propietateen eta beroa biltegiratzeko ahalmenaren arteko bat-egite onena lortzeko. Kalkuluen arabera, amaierako produktuak %25 baino gehiago hobetuko du isolamendu-ahalmena, %10 baino gehiago energia biltegiratzeko ahalmena, urarekiko eta airearekiko estankotasuna gutxienez %10 gehiago izango da, eta kostua material sintetikoetan, beira-zuntzetan edo artile mineralean oinarritutako egungo soluzioak %15 baino gutxiago garestituko da.