CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, Europar Batzordearen Horizon 2020 programako 2019ko deialdian aurkeztu dituen lau proiekturen onespena lortu du, “Bateria Belaunaldi Berria” atalaren barruan. Lau proiektuetatik biren liderra Euskal zentroa izango da, eta CICek 3.250.000 euroko aurrekontu bateratua jasoko du.
Lau proiektu horiek onesteak, bateriei zuzendutako H2020 programako egungo deialdian Estatu osoan finantzaketa handiena lortu duen erakunde zientifikoa bilakatu du Zentroa. Izan ere, aurkeztu dituen 11 proposamenetatik, 4 onetsi dira, eta beste hiruk hasierako mozketa gainditu dute. Horrela, %36ko arrakasta indizea lortu da. Zifra hori, Europa osoan erakundeek lortzen duten batez-besteko arrakasta maila baino askoz altuagoa da, maila hori %10ekoa baita.
Horrez gain onetsitako bi proiekturen liderra CIC energiGUNE izango da, eta BRTAko (Basque Research and Technology Alliance) beste eragile batzuen partaidetza izango du, IKERLANena eta CIDETECena, eta baita euskal enpresena, Gamesarena, adibidez, eta nazioarteko konpainia garrantzitsuena ere, Toyota, Renault edo Varta, besteak beste. Azpimarratzekoa da CIC energiGUNE kide den BRTAk estatu mailan onetsitako 11 proposamenetatik 7tan hartzen duela parte –horietako 3ren lider izanik, bi CIC energiGUNEren eskutik–. Horrek argi eta garbi uzten du euskal ekosistemak energiaren biltegiratzearen alorrean duen potentziala.
Estatu osoan, deialdi horren bitartez 12,42 milioi euroko itzulera lortu da, hau da, Europar Batzordeak esleituko dituen 113,27 milioietatik %10,9a. Horrela, finantza daitezkeen 11 proiektuekin, Espainiako estatua deialdian arrakasta maila altuena lortu duen hirugarren herrialdea da, Alemaniaren eta Frantziaren atzetik. Estatu mailako emaitza on horiek BRTAko zentroen partaidetzan oinarritzen dira. Horien artean azpimarragarria da CIC energiGUNE Estatu osoan koordinatzen diren 6 proiektuen artean biren lider den erakunde bakarra dela.