CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, oso ontzat baloratu ditu Kondentsadore Elektrokimiko Hobetuei buruzko Nazioarteko Sinposioaren (ISEECap 2024) zortzigarren edizioaren emaitzak. Izan ere, aste honetan 150 aditu eta nazioarteko profesional bildu dira Gasteizen, teknologia hori merkatuan sartzeko aukerei, joerei eta ikerketari buruz eztabaidatzeko.
“Superkondetsadoreek energia biltegiratzearen sektorean duten eragina zabala eta azkarra da eta, batez ere, oso lotuta dago potentzia handia edo karga azkarrak eskatzen dituzten aplikazioen garapenarekin”, adierazi du Jon Ajuria Sinposioko Chairman-a eta CIC energiGUNEn ioi metalikoen kondentsadoreen ikerketa lerroko liderrak, nazioarteko erreferentziazko sinposio hau itxi ondoren.
Uztailaren 8tik 12ra, astelehenetik ostiralera, Europa Biltzar Jauregian izan den ekitaldiaren alderdirik nabarmenetako bat ISEECap-en edizio batean lehen aldiz egin den saio industriala izan da. “Teknologia horren ikerketaren garapenarekin eta hura eremu industrialera eramatearekin zerikusi handia izan zuen John Miller doktorearen, CIC energiGUNEko Batzorde Zientifikoko kidearen, oroimenez saio industrial bat egitea komeni zela uste izan dugu”, ziurtatu du Jon Ajuriak. Ildo horretan, CIC energiGUNEk nabarmendu du konpainia askok interes handia erakutsi dutela saio hori esponsorizatzeko, eta horrek agerian uzten du superkondentsadoreen teknologiaren irismena eta proiekzioa industria mailan.
Saioa uztailaren 10ean izan zen, asteazkenean, eta Up Catalyst-eko Sebastian Pholmann, E-lyte-ko Mirko Ruttert, Delfort Group-eko Sven Plappert, Yunasko-ko Yurii Maletin, Nanomate-ko Juan Benavente eta BCAREko Amaia Saenz de Buruaga izan ziren bertan. Guztiek kondentsadore elektrokimikoak hainbat eremutan aplikatzeko kasu eta proiektu zehatzak ezagutarazi zituzten, hala nola energia berriztagarrietarako biltegiratzea eta potentzia handiko aplikazio eskatzaileetan erabiltzea, litio ioizko bateriekin hibridatzea eta trenbidean aplikatzea.
Sinposioaren gainerakoa osoko bilkuren inguruan egin zen, maila globalean superkondentsadoreen teknologiaren egoera eratzen lagundu zuten aurkezpenekin, hitzaldiekin, tutorialekin eta ikertzaile gazteei eskainitako saioekin batera. Thierry Broussek, Nantesko Unibertsitateko materialen kimikako irakaslea eta lehen ISEECap-aren antolatzailea 2009an, “sortu zenetik bigarren jendetsuena izan den zortzigarren edizio hau antolatzeko CIC energiGUNEk egin duen lan ikaragarria” nabarmendu du.
Sinposioan aurkeztutako berrikuntzen artean, Katsuhiko Naoi Tokioko Nekazaritza eta Teknologia Unibertsitateko irakasle emerituaren hitzaldia aipatu behar da. Bertan, lehen aldiz, ultra zentrifugazioz sintetizatutako nanografitoa aurkeztu zuen. Energiaren biltegiratzearen arloan ion litioko superkondentsadoreak bateriekin lehiatzea lortzeko aukera ematen du. Era berean, gailu horien ekoizpen jasangarrian egindako aurrerapenen berri eman zen, hala nola ikatzak CO2 atzematearen bidez sintetizatzeko UPCren proposamena.
Nolanahi ere, ISEECap-en zortzigarren edizioaren ondorioek proiekzio handiko etorkizun hurbila erakusten dute kondentsadore elektrokimikoentzat. Gasteizen egindako kongresuan agerian geratu denez, teknologia horrek energia-potentzia handia kudeatzeko gai diren gailuen fabrikazioa erraztuko du, baita erabilera-ziklo luzeen ondoren egonkortasun handiagoa emango ere, eta ia berehalako karga eta deskarga eskainiko ditu.