CIC energiGUNEko, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroko, María Arnaiz ikerlariak, ‘Litioaren ondorengo’ Energia Biltegiratzearen Bikaintasun Klusterrak ematen duen “Emakume ikertzaileentzako bikaintasunaren POLiS Saria” lortu du. Erakunde hori litioaren ordezko biltegiratze-teknologiak (sodioa, potasioa, magnesioa edo kaltzioa, esaterako) garatu nahi dituzten Alemaniako instituzio garrantzitsuek osatzen dute. Urtero, “bere karreraren hasierako edo erdiko fasean dauden eta POLiS klusterreko zientzia-gaietako batean lan egiten duen ikertzaile garrantzitsu bat” saritzen du.
“Sari hau dagoeneko egin dudan lanaren, baina, batez ere, etorriko denaren aintzatespen gisa hartzen dut”, adierazi du Arnaiz doktoreak. Alde horretatik, sariak 70.000 euro arte dakartza POLiSen parte hartzen duten erakundeetako batean (Karlsruheko Teknologia Institutua, Ulm-eko Unibertsitatea, Baden-Württemberg-eko Eguzki Energia eta Hidrogenoaren Ikerketa Zentroa eta Giess-eko Unibertsitatea) egiten diren ikerketa-egonaldi baterako edo batzuetarako, nazioarteko lankidetzak ezartzeko eta indartzeko.
CIC energiGUNEko zientzialariak Ulm-en jaso du saria, ekainaren 20an eta 21ean egin den POLiSen Urteko Bileran. “Emakume ikertzaileentzako Bikaintasunaren Saria” emateko ekitaldiaren protagonista izateaz gain, Arnaiz doktoreak bere ibilbide profesionalari buruzko hitzaldi bat ere eman du. Hitzaldi horretan arreta berezia jarri du gai honetan: aurremetalazio-estrategiak eta horien ondorengo eskalatzea, geruza anitzeko gelaxkak garatu arte.
María Arnaiz gaur egun CIC energiGUNEko Ikertzaile Elkartua da. Bertan, Gelaxken Prototipoen Ikerketa Taldeko kide da eta ion-metal kondentsadoreen ikerketa-lerroan egiten du lan, Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloaren barruan.
Arnaizek CIC energiGUNEn egindako ibilbidea 2015. urtean hasi zen. Urte horretan udako ikasle gisa iritsi zen 2 hilabeterako. Aldi horretan, ioi sodio baterietarako material katodikoen sintesian eta karakterizazioan hasi zen. 2016an Masterreko Tesia egin zuen, bere lana ioi sodio kondentsadoreen teknologian lerrokatuz, eta 2017an doktoretza ere euskal zentroan egin zuen, ioi litio eta sodio kondentsadoreen garapenean egiten ari zen ikerketarekin jarraituz.
2020an, behin betiko egin zuen bat CIC energiGUNErekin, Doktoretza ondoko Ikertzaile gisa, Prototipoen Taldean, eta 2022an plaza iraunkorra lortu zuen. Gaur egun, bere ikerketa-lana ioi metal kondentsadoreen teknologiaren eskalatzean oinarritzen da, elektrodoen prozesaketatik gelaxkaren garapen eta optimizazioraino. Maria Arnaizek nazio, Europa eta industria mailako hainbat proiektutan hartzen du parte, ingurumenaren jasangarritasunari lagunduko dioten teknologiak garatzean zentratuta. Gainera, etorkizuneko emakume zientzialarien artean zientzia zabaltzeko asmoz, STEAM jardueretan ere hartzen du parte.
POLiS Bikaintasun Klusterrak energia elektrikoaren biltegiratze eraginkor eta jasangarrirako beharrezkoak diren baterietarako material eta kontzeptu teknologiko berriak garatzen ditu. Elkarteko kideek litioaren eta bestelako material kritikoen mende ez dauden alternatiba jasangarriak identifikatu dituzte, eta, ondorioz, sodio, magnesio, kaltzio eta aluminio ioietan oinarritutako bateriak ikertzen ari dira. Litioaren ondorengoak deituriko bateria horiek energia gehiago biltzeko, seguruagoak izateko eta epe luzera aplikazio masiboetarako aukera errentagarriagoa emateko ahalmena dute, biltegiratze elektrokimiko geldikorrerako eta mugikorrerako, besteak beste.