CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, meatze- eta metalurgia-industrietako hondakinetatik abiatuta, baterietarako material kritikoak berreskuratzeko lanean ari da, litioa edo kobaltoa, esaterako. Ikerketa hori Europako METALLICO proiektuaren parte da. CIC energiGUNEk –Basque Research and Technology Alliance-BRTAko kidea– bertan parte hartzen du, kontinenteko beste 22 erakunde eta enpresarekin batera.
“Ziur gaude Europak lehengai kritiko gehiago ekoizteko uste baino potentzial handiagoa duela; arazoa orain arte energia-inportazioen gehiegizko menpekotasuna izan duela da”, ziurtatu du Nestor Antuñano METALLICO proiektuko CIC energiGUNEko ikertzaile nagusiak. “Proiektu horren bitartez, Europari aukera berri bat ematen ari gatzaizkio, funtsezko sektore estrategiko batean koka dadin eta metal mota horretan aberatsak diren herrialdeekiko (Txina, Hegoafrika edo Australia) menpekotasuna ahalik eta gehien murriztu dezan.”
METALLICO partzuergoak balio-kate osoa hartzen du bere baitan; izan ere, metal kritikoen eta baterietarako materialen iturri primarioak eta sekundarioak dituzten meatze- eta industria-kokalekuak, baterietarako material egokiak ekoizteko prozesu berritzaileak garatzen esperientzia duten bazkideak, azken erabiltzaile industrialak eta baterien, zementuaren, pinturaren eta zeramikaren sektoreetako ETEak barne hartzen ditu. Multzo horren barruan, CIC energiGUNE hainbat industria-erabiltzailek berreskuratutako azken produktuen balioztatzea koordinatzeaz arduratzen da, bai eta bateriak fabrikatzeko sektorean meatzaritzako eta metalurgiako hondakinetatik (Li2CO3 eta CoSO4) lortutako elementuak balioztatzeaz ere.