CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Montse Casas-Cabanas ikertzailea izendatu du Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze Arloko zuzendari zientifiko, zentroaren ardura handieneko kargua emanez –ikerketaren arloan–, batez ere euskal zentroan egindako ibilbide profesional bikainaren ondoren.
“Esan dezakegu harrobiaren sustapeneko kasu arrakastatsu baten aurrean gaudela”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “2011n, CIC energiGUNE ideia bat baino ez zenean, proiektu honetan sartu zenetik Montsek egin duen lanak nabarmen lagundu du daukagun erreferentziazko posizioa lortzen, eta bere merituek eraman dute postu garrantzitsu horretara”, adierazi du.
Montse Casas-Cabanasek CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoko Arloaren koordinazio zientifikoa hartu izan du bere gain azken urteetan, hemendik aurrera beteko duen karguaren aurreko pausoa. Bere ikerketa hurrengo belaunaldiko baterien kimiken diseinuan oinarritzen da, jasangarritasunaren ikuspegiarekin, eta arlo horretan aintzatespena du kristalokimikak elektrodo-materialetan duen eraginaren azterketan egindako ekarpenengatik.
2021ean, Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Ikertzaile Gaztearen Saria eman zioten. Gainera, nabarmentzekoa da nazioarteko hezkuntza-programetan eta ikerketa-sareetan izan duen parte-hartzea, hala nola i-MESC edo Alistore-ERI programetan, bai eta Europa mailako baterien teknologiako berrikuntza-ekimenetan ere, Batteries Europe izenekoan, besteak beste. Azken ekimen horretan "Teknologia Berri Emergenteak" taldeko Lider Tekniko gisa hartu du parte, eta Battery2030+ ekimenean kimika berrien gaikako lider gisa. Ikerbasque Research Professor den Montse Casas-Cabanas Euskadiko hamargarren zientzialari garrantzitsuena gisa agertzen da Stanfordeko Unibertsitateak egin duen Munduko Ikertzaile Eraginkorrenen azken rankingean.
“Izendapen hau oso ohore handia da, eta ilusio handiz egingo diot aurre erronkari. Bihotzez eskertzen dut eman didaten laguntza eta konfiantza, eta gure ikerketa bultzatzeko konpromiso sakona hartzen dut, lankidetzaren eta bikaintasunaren kultura sustatuz”, adierazi du CIC energiGUNEko Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze Arloko zuzendari zientifiko berriak. Zentroak azpimarratu du, gainera, Montse Casas-Cabanasen maila-igoera CIC energiGUNEk barne sustapen profesionalarekin eta aukera berdintasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri dela, eta, era berean, emakumeen talentuak erantzukizun handiko postuak betetzeko duen gaitasunari balioa ematen diola.