CIC energiGUNEko, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko bi profesionalek Euskal Herriko Unibertsitatearen aintzatespena jaso dute, pandemia dela eta atzeratu egin ziren 2018/2019 eta 2019/2020 deialdieei dagozkien Doktoretzako Ez Ohiko bi Sari, hain zuzen ere. Nuria Gisbert zuzendari nagusia eta Itziar Aldalur ikertzailea dira, hurrenez hurren, Zientzia Sozial eta Juridikoen eta Zientzia Esperimentalen arloko doktore-tesiengatik aintzatespena jaso dutenak.
Nuria Gisberten kasuan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak “Erakundeen arteko mentoring-ak zuzendaritza-garapenerako tresna gisa duen baliozkotasunaren analisia” doktore-tesia saritu du. Eneka Albizu Gallastegui eta Jon Landeta Rodríguez doktoreek zuzendu dute, Finantza Ekonomia II Sailaren bitartez. Saria Gizarte Zientzien eta Enpresaren eremuan dago.
CIC energiGUNEko zuzendari nagusiaren doktoretza lanak zuzendaritza-garapenari eta garapen profesionalari ekitea planteatzen du, erakunde arteko mentoring jardunaren ezagutza areagotuz. Mentoring-aren oinarri metodologikoen azterketa zorrotzetik eta haren funtsezko elementuen zehaztapenetik abiatuta, mentoring harreman eraginkorra gauzatzeko faseak identifikatzen dira, baita arlo horretako jardunbide onenak ere. Izan ere, lan honetan 22 adituk eta 32 erakundek hartu dute parte, horien artean CIC energiGUNEk berak. Izan ere, ikerlan horri esker, doktoregaientzako mentoring programa bat du.
Itziar Aldalurrek, bere aldetik, Zientzia Esperimentalen arloan jaso du saria, Michel Armand eta Michal Piszcz doktoreek, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Departamentuaren bitartez, zuzendu duten nazioarteko “New polymer electrolytes for all-solid-state lithium batteries” doktoretza tesiarengatik.
Aldalurrek elektrolito polimerikoen ikerketa-ingeniari gisa lan egiten du gaur egun euskal zentroan, eta Michel Armand irakaslearen gainbegiradapean egin duen tesiak, elektrolito polimerikoen eragozpenak gainditzea planteatzen du (eroankortasun ioniko baxuagoa batez ere), gaur egun energia biltegiratzeko gailuetan erabiltzen diren elektrolito likidoen aurrean alternatiba ekonomikoagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa izan daitezen.