BASQUEVOLT eta BCARE, CIC energiGUNEtik, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentrotik sortutako bi spin-off-ak, ICEXek El Referente-rekin batera egindako “Espaniako Cleantech ekosistemaren mapan” sartu dituzte. Bi konpainiak energiari buruzko atalean agertzen dira, eta baterien sektorean duten eraginagatik jaso dute aintzatespena.
“Guk beti izan dugu oso argi ekonomia “berdearekin” lotutako enpresa-proiektuen garapenak gainerakoek baino askoz ibilbide luzeagoa duela, bateria elektrikoen sektorean batez ere”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Aintzatespen hori bultzada handia da gure ingurunerako eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko balio handiko enpresak garatzeko egin dugun apustuarentzat” adierazi du.
Kanpo Merkataritzako Institutuak egindako zerrendak, ekoizpen eta funtzionamendu sistema ingurumena errespetatzen duen eredu jasangarriagorantz eraldatzen laguntzen ari diren Estatuko startup guztiak biltzen ditu. BASQUEVOLT eta BCARE batera daude zerrenda horretan, erakundearen arabera “trantsizio energetikoaren etorkizunean” nabarmentzen diren beste 220 enpresarekin batera.