CIC energiGUNEk antolatu duen eta Arabako Teknologia Parkean gaur goizean egin den bateriei buruzko “Batteries Summit 2019” Europako goi bilerak agerian utzi ditu Europak arlo horretan dituen erronkak eta aukerak, eta baita automobilgintza elektrikoaren merkatuan lehiakortasunezko posizioa bermatuko duten teknologia berrien garapenean aurrera egitearen garrantzia ere. “Europak etorkizuneko bateriak asmatu behar ditu”, adierazi du Kristina Edström BATTERY 2030+ren koordinatzaileak. Arlo horretan puntan ari diren beste ekonomia batzuekin duen desfase teknologikoa murriztuko duen ikerketa zientifikoa sustatzeko Europak martxan jarri duen ekimen nagusietakoa da.
Ekitaldia Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko zuzendari nagusiak, Ana Oregi Vitoria-Gasteizko alkateordeak eta Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak inauguratu dute, eta bat etorri dira Zentroa aurrera eramaten ari den lanaren garrantzia azpimarratzeko orduan, Araba eta Euskadi arlo horretako ekonomia aurreratuenen artean jartzeko. Gure herrialdeak ezagutzari eta ekonomia berriari dagokionez egin duen apustu estrategikoarekin duen harreman zuzena ere azpimarratu dute.
“Baterien iraultzarako Europako ekosistemaren goi bilera” gisa definitu den jardunaldia bi atal nagusitan egon da banatuta. Lehenengoan, hasierako hitzaldia Kristina Edström-ek eman du. BATTERY 2030+ko koordinatzaile izateaz gain, Kimika Inorganiko irakaslea da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia). Edström-ek adierazi duenez, Europak oso helburu argiak bete behar ditu arlo horretan aurrera egiteko, eta “automobilgintzaren industriaren balio katerako teknologia disruptiboak” lortzetik eta, batez ere, “etorkizuneko bateria asmatzetik” igarotzen dira.