CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, lankidetzan aritu da “The International EPD System”-ekin, munduko garrantzitsuenetakotzat hartzen den erakunde ziurtatzaile horrek bultzatutako ekipo elektroniko eta elektrikoen PCR (Product Category Rules) berriaren garapenean.
PCR horren bidez, ekipo elektroniko eta elektrikoen fabrikatzaileek aintzat hartu beharreko oinarrizko irizpideak ezartzen dira, horiei dagokien Bizi Zikloaren Azterketa egiteko: azterketa hori gero eta estrategikoagoa da merkatuko eragileentzat, eta, horri esker, produktuen ingurumen arloko portaera ulertzeaz gain, Europan eta beste eskualde batzuetan onartzen ari diren erregulazio berriak betetzen direla ziurtatzeko bermea ere bada.
“PCR horren onarpenak energia biltegiratzeko sistemen EPDen garapenean aurrera egiteko aukera emango du. Horiek funtsezkoak izango dira, ziurrenik, Europako ‘battery passport’ izenekoan planteatutako helburuak betetzeko, eta, beraz, Erkidegoko industriak etorkizunean izango dituen jarraibideak markatuko dituzte”, adierazi du Andrea Casas CIC energiGUNEko jasangarritasun espezialista eta Baterien Europako Elkarteko (BEPA) kideak. “Duela zenbait urtetik hona, CIC energiGUNEk Bizi Zikloaren Analisia industriaren jasangarritasunerako balio estrategiko gisa erabiltzearen garrantzia sustatu eta defendatu du. Horregatik, harro egoteko motiboa izan da guretzat PCR berri honen aholkularitza-taldeko kide izatea”.
PCRen garrantzia Produktuaren Ingurumen Adierazpenekin (EPD ingelesezko siglengatik) duten loturatik dator. Ildo horretan, PCR bat EPDren “errezeta-liburuko” parte den oinarrizko dokumentua da, eta Bizi Zikloaren Analisiaren ikuspegitik, kalitate handiko EPD bat sortzeko oinarriak jasotzen ditu dagokion produktuen kategoriarako (kasu honetan, ekipo elektroniko eta elektrikoak eta bateriak).
Horrela, fabrikatzaileek ‘The International EPD System’ berak bultzatutako ziurtagiria eskuratzeko aukera emango dien gida argia izango dute, enpresa horiek beren produktuen eta zerbitzuen ingurumen-inpaktua neurtzeko duten konpromisoa eta inpaktu horien berri emateko gardentasuna egiaztatzeko.