CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, eta BCAREk, energia biltegiratzearen alorrean balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen dituen zentroaren spin off-ak baterien eta energia biltegiratzearen arloan nazioarteko aditu nagusietakoa dena ekarriko dute irailean Vitoria-Gasteizera, Shmuel De-Leon israeldarra, sektore horretan profesional koalifikatuen prestakuntza sustatzeko.
Batera antolatutako ekimen horri esker, Shmuel De-Leonek energia iturri elektrokimikoen egungo eta etorkizuneko beharretan eta garatutako azken aurrerapen teknologikoetan espezializatutako mintegia eskainiko du. Ikastaroa Arabako Teknologia Parkean izango da, irailaren 24an eta 25ean, eta izen ematea egin daiteke jadanik mintegiaren webgunearen bitartez: batteryseminar2019.cicenergigune.com.
Ibilgailu elektrikoa, aplikazio estatikoak, superkondentsadoreak eta erregai zelak izango dira mintegiaren ardatz nagusiak. Horrez gain, baterien bizitza zikloaren, diseinuaren eta fabrikazioaren zenbait alderdi ere ukituko ditu. Horrela, bateriaren diseinua eta testatze prozesua oso garrantzitsuak izango dira, bateria belaunaldi berriaren garapenerako funtsezko tresnak baitira.
Sektoreko profesionalei, ikerlariei eta ingeniariei zuzendutako prestakuntza programa 15 modulutan banatuko da. Lehen jardunaldian, bertaratuek baterien jatorriari eta bilakaerari buruzko informazio praktikoa jasoko dute, eta baita prozesu kimikoei buruzkoa ere. Ondoren, baterien kargari eta deskargari buruzko tailerrekin jarraituko da. Erabilera militarra duten baterietarako, diseinu prozesu desberdinetarako eta segurtasun protokoloetarako lekua ere egongo da.
Irailaren 25ean, asteazkenean, saioak hornidura katean, bateria hondakin gisa kudeatzean, bateria adimentsuetan, testatze sistemetan, hornidura sarerako biltegiratzean edo ultrakondentsadoreetan egongo dira zentratuta. Azken modulua ibilgailu elektrikora zuzenduta egongo da batez ere.
Mintegian parte hartzeko izena emateko epea irailaren 5era arte egongo da zabalik. Izen ematea abuztuaren 24a baino lehen egiten duten pertsonek beherapena izango dute.
Shmuel De-Leoni buruz
Mintegia Shmuel De-Leonek emango du. Shmuel De-Leon Energy enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusia, eta energia iturrien, biltegiratzearen eta mugikortasun elektrikoaren nazioarteko aditu nagusietakoa da. Bere enpresa sortu aurretik, De-Leonek hainbat konpainiatako ingeniaritza taldeetako eta kalitate kontrol arduradun gisa aritu zen 20 urte baino gehiagoz.
Shmuel De-leon Energyk oso tresna baliagarriak eskaintzen ditu energiaren industriarako, Kontsultoretza, Prestakuntza eta Merkatu Ikerketa, besteak beste. CICenergiGUNEren egoitzan emango duen Mintegiari dagokionez, egungo eta etorkizuneko energia iturri elektrokimikoen ikuspegi integrala jarriko du partaideen esku, eta baita zelda aukeraketari, diseinuari, fabrikazioari, segurtasuneko testatzeari eta garraioari buruzko prestakuntza ere. Horrez gain, sektoreko eragile berrientzako oinarrizko ezagutza bideratuko du, eta ezagutza aurreratua eragile aktiboentzako, software espezializatu arloko prestakuntzaz gain.