Biomaterialetan espezializatutako CIC biomaGUNE ikerketa-zentroa eta energia elektrokimiko eta termikoaren biltegiratzean erreferentea den CIC energiGUNE ikerketa-zentroa —biak ere Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide— elkarrekin arituko dira lanean proteinen eroankortasun-ahalmena garatzen, teknologia elektroniko tradizionalen alternatiba jasangarri gisa erabiltzeko. Proposamen berritzaile hau e-Prot europar proiektuan barneratzen da; CIC biomaGUNEko Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasleak koordinatzen du, eta, CIC energiGUNEz gainera, Europako beste 7 bazkidek hartzen dute parte. Proiektua Europar Batzordeak finantzatuko du oso-osorik, FET Open (Future and Emerging Technologies) 2020 programaren barnean.
e-Prot proiektuaren helburu nagusia da sistema bioelektronikoetarako plataforma teknologiko bat garatzea, proteinetan eta elektrizitatea eraginkortasunez eroateko proteinek duten gaitasunean oinarrituta. Hala, industria elektronikoan erabili ohi diren teknologien ordezkoa lortu nahi da, proteinetan oinarritutako egitura eta material eroankorrak ekoitziz.
Arduradunen iritziz, apustu honek “sakoneko aldaketak eragingo ditu gailu elektroniko ekologikoen eta energia biltegiratzeko gailu ekologikoen diseinuan”, eta jakintza-alor zientifiko askotako ikuspegia hartzen du kontuan, diseinu biomolekularraren printzipioak eta abangoardiako karakterizazio-teknikak konbinatzen baititu, inplementazio teknologikoa lortzeko oinarri sendo bat lortzeko.