CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, zientziarako tresnen nazioarteko Bruker fabrikatzailearen Espainiako filialak emandako “Espainiako solidoen RMN Erreferentziazko Zentro” aintzatespena lortu du. Ziurtapen horrek, CIC energiGUNEk Europa mailan sektoreko abangoardiako taldean duen lekua finkatzen du, eta ikerketarako talentua eta garapena erakartzeko gaitasuna handitzen du, Estatu osoan aintzatetsitako erreferentziazko RMN zentro bakarra baita.
CIC energiGUNEren RMN plataformak egoera solidoko eta likidoko RMNak dauzka. Egoera solidoko RMNak material elektrokimikoetako molekulen eta ioien egiturari eta dinamikari buruzko oso informazio zehatza eman dezake. Hori funtsezkoa da energia biltegiratzeko gailuak ulertzeko eta garatzeko. Horrez gain, RMN solidoak espezifikotasun atomikoa duen informazio dinamikoa eman dezake oso material desordenatuetan, eta baita guztiz amorfoetan ere. CIC energiGUNEren egoera solidoko RMN plataformaren teknologiak, energia biltegiratzeko erabiltzen diren materialen karakterizaziorako daude bereziki diseinatuta, gailuaren funtzionamenduan in situ neurketak eta tenperatura aldakorreko (-120 C gradutik +400 gradura) azterketak barne.