CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, sodio ioien bateria prototipo bat garatzeko lanak hasi ditu, teknologia hori, litioan oinarritutako egungo ereduaren alternatiba gisa garatu ahal izateko. Ikerketa CIC energiGUNEk koordinatutako TOPSIDES proiektuaren barruan dago. UPV/EHUko POLYMATek eta CROMOGENIA-UNITS enpresak ere hartzen dute parte proiektu horretan, eta Next Generation funtsekin finantzatutako Estatuko Ikerketa Agentziaren “Gizartearen Erronkak” I+G+b programaren laguntzen azken deialdian sartu da.
“Sodio ioien teknologia, energia biltegiratzeko sistemen hurrengo belaunaldiaren buru izateko etorkizun handienetakoa duen eta abantaila gehiago eskaintzen dituen teknologia da”, esan du Montserrat Galceran Mestres Na-ioneko CIC energiGUNEren ikerketa lerroaren arduradunak. “Litioaren antzeko kimika erakusten dutenez, sodio bateriak alternatiba bikaina dira biltegiratze egonkorrerako, lehengaien ugaritasuna, jasangarritasuna eta kostu txikiagoa direla eta, litio baliabideen mugak eta auto elektrikoaren garapenera bideratutako teknologia dela kontuan hartzen baditugu, batez ere”.
TOPSIDESek teknologia horren garapen integrala eragotzi duten erronka nagusiei helduko die, hala nola, errendimendu handiko gelaxken, katodoen eta anodoen eta elektrolito aurreratuen diseinatzea. Ildo horretan, proiektuak energia biltegiratzeko ahalmen handia duten elektrodoak eta Poly(ionic liquid)s eta redox polymers-etan oinarritutako elektrolitoak erabiliko ditu, eta horiek abantailak ekarriko dituzte, sodio-baterien gelaxken energia-dentsitateari eta segurtasunari dagokienez.