CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, Hidrogenoaren Teknologia Elektrokimikoen Group Leader izendatu du Paramaconi Rodríguez Venezuelako zientzialaria eta Ikerbasque Professor-a, irakaslea. Helburua Zentroak estrategikotzat jotzen duen eremu horren garapena bultzatzea da, energiaren sektorearen erronkei aurre egiteko.
“Gure Plan Estrategikoan aurreikusten dugun bezala, Hidrogeno Berdearen Teknologien arloa gure jardueraren funtsezko hirugarren hanka bilakatu behar da”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Kontratazio honi esker, helburu horretan aurrera egin dezakegu, eta Elena Palomo irakasleak hidrogeno berdea ekoizteko bide termokimikoetan azken urteotan egindako lan bikaina osatu.”
2012az geroztik, Paramaconi Rodríguez doktoreak Birminghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua) dihardu bere irakaskuntza eta ikerketa lana egiten, eta Kimika Fakultateko Irakasle Elkartua da bertan. Caracaseko Simon Bolivar Unibertsitatean eta Alacanteko Unibertsitatean jaso zuen prestakuntza, eta Venezuelako Fisika, Matematika eta Natur Zientzien Akademiak, Kimikako Espainiako Errege Elkarteko Elektrokimika taldeak eta Elektrokimikako Nazioarteko Elkarteak emandako hainbat sari jaso ditu.
Bere ibilbide zientifikoan, Rodríguez irakasleak zentro ospetsu ugaritan egin du lan, Suitzako Paul Scherrer Institutuan (PSI) edo Herbehereetako Leidengo Unibertsitatean, besteak beste. Paramaconi Rodriguez irakasleak 75 argitalpen zientifiko egin ditu orain arte, eta horiek 5.500 aipamen baino gehiago jaso dituzte -–horien artean, 100 aipamen baino gehiago lortu dituzten 13 daude–, nanomaterialen garapenean mundu mailako 2 patente erregistratu ditu, eta gaur egun 5 doktoretza ikaslek eta Masterreko 3 ikaslek osatutako ikerketa-taldea du bere ardurapean, Birminghameko Unibertsitatean ohorezko irakasle gisa.
“CIC energiGUNErena bezalako proiektu batean parte hartzeko aukera, eta, batez ere, hidrogenoaren teknologien arloa aberasteko ardura, erronka handia da, eta ahalik eta prestasun handienarekin erantzutea espero dut”, adierazi du Rodríguez doktoreak.
Rodríguez irakaslea CIC energiGUNEn sartzeko prozesuak, Ikerbasque - Basque Foundation for Science erakundearen laguntza ere izan du. Zentroak harreman estua du erakunde horrekin, talentua Euskadira erakartzen laguntzeko. Gaur egun, CIC energiGUNEk 7 Ikerbasque ikertzaile ditu bere talde zientifikoan, eta horrek agerian uzten ditu bere proposamenen kalitatea eta nazioarteko proiekzioa.