CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferente den euskal ikerketa-zentroak, eta Ceit, materialetan, fabrikazioan, mugikortasunean, digitalizazioan eta ekonomia zirkularrean espezializatutako euskal ikerketa-zentroak –biak Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kideak– laser teknologia eskala handian erabiltzea ahalbidetuko duen ikerketa lana osatu dute, kobrezko azalerak funtzionalizatzeko eta ion-litiozko baterientzako korronte-kolektore bihurtzeko.
“Ikerketa lan honi esker, elektrodoaren eta kolektorearen arteko atxikipen hobea eta korronte dentsitate altuetan portaera hobea ahalbidetzen duten korronte-kolektoreak egitea lortu dugu”, adierazi du Miguel Ángel Muñoz CIC EnergiGUNEko ikerketaren arduradunak. Ildo horretan, Ainara Rodriguez Ceiteko ikerketaren arduradunak adierazi duenez, “kolektoreen prestazioak hobetzeaz gain, aplikazio honetan eta beste askotan industrian ezartzeko aukera ematen diguten abiaduretan kobrea testurizatzeko laser-prozesua optimizatzea lortu dugu”.
Laser4Surf (Metalezko gainazal funtzionalizatuen ekoizpen masiborako laserra, bere ingelesezko siglak direla eta) proiektu europarraren barruan dagoen lana da. Proiektu horren helburu nagusia laser teknologia eskala handian erabiltzea zen, azalera metalikoak funtzionalizatzeko, titanioa, altzairu herdoilgaitza eta kobrea, batez ere, eta partzuergoak egindako lanari esker, hiru erabilera zehatzetan aplikatzeko balioztatu ahal izan dira, hauetan, hain zuzen ere: inplanteak, kodegailu linealak eta bateriak.