CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, ion-litiozko baterien egitura interfazialaren, bilakaera kimikoaren eta kargaren dinamikaren arteko elkarreraginak aurrekaririk gabeko xehetasun-mailarekin aztertu eta ulertu ahal izatea ahalbidetuko duten EMN-RMN (Erresonantzia Magnetiko Nuklearra) teknikak garatzeko ikerketa-lanari ekin dio. Ekimena Europa mailako OPINCHARGE proiektuaren barruan dago. Proiektuaren helburua metodologia nanometrikoa eta adimen artifizialeko tresnak orain arte ikusi gabeko baterien prozesuen mapa lortzeko aplikatzea da.
Juan Miguel López del Amo CIC energiGUNEren Proiektuaren Ikertzaile Nagusiak eta Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko plataformako arduradunak adierazi duenez, “gailu elektrikoen interfazeetan eta interfaseetan gertatzen diren prozesuak ez ulertzeak asko zaildu du baterien arloko berrikuntza”. “OPINCHARGEren bidez, prozesu horien mapa zehatza sortzeko, eta, ondorioz, orain arte ikusi gabeko berrikuntza eta aurrerapen teknologikoei atea irekitzeko aukera izango dugu”.
OPINCHARGE proiektuaren burua Luxenburgoko Zientzia eta Teknologia Institutua da, eta berrikuntza teknikoko hiru zutabe nagusiren bidez egituratuta dago: produktu kimikoetan, isotopoetan eta fisikan oinarritutako berrikuntzak. Horrela, landu beharreko teknika nagusiak X izpien dispertsioa, Raman operandoa, elektroien energia galeraren espektroskopia, neutroien tomografia uhin elektromagnetikoekin eta egoera solidoan arituko den EMN-RMN izango dira.
Era osagarrian, OPINCHARGE partzuergoak AI/Machine Learning euskarria integratuko du datuen eskurapena eta analisia hobetzeko, datuak prozesatzeko prozesuak eraginkorragoak eta esanguratsuagoak izan daitezen.
Proiektua gauzatzen den bitartean, CIC energiGUNEk gelaxka osoen egoera solidoko EMN-RMN azterlanak ere zuzenduko ditu –aberastutako konposatuekin isotopoetan egindako ikerketak barne–, eta neutroien irudietarako eta uhin elektromagnetikoetarako elektrolito isotopikoak in situ trukatzeko konfigurazioa garatzen lagunduko du. Gainera, CIC energiGUNEk partzuergoko beste kide batzuei lagin ez-komertzialak banatzeko prozesua ere prestatu eta gidatuko du, elektrodo konposatu estandarrak eta gel eran dauden elektrolitoak, besteak beste, materiala prozesatzeko baldintzetatik datozen emaitza esperimentaletan aldaketak saihesteko.
OPINCHARGE proiektua abiatzeko bilera Luxenburgon egin da hilabete honetan, –proiektuaren koordinatzailearen, Luxenburgoko Zientzia eta Teknologia Institutuaren, egoitzan–, eta 36 hilabete iraungo duela aurreikusten da. Erakunde hauek osatuko dute: CIC energiGUNE; CNRS-Centre National De La Recherche Scientifique; Nantes Université; DLR-Deutsches Zentrum Fur Luft Und Raumfahrt; DKFI-Deutsches Forschungszentrum Fur Kunstliche; THER-Fei Electron Optics BV; CIDETEC; Universitat Paderborn; Pedal Consulting; eta Paul Scherrer Institut.