CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak eta Battery 2030+ ekimen paneuroparrean bildutako gainerako erakundeek beste bultzada bat jaso dute Europar Batasunaren aldetik, etorkizuneko baterien garapenean lanean jarraitzeko. EBren Horizonte Europa ikerketa-programaren bidez, 150 milioi euro baino gehiagoko finantziazioa eman zaie puntako proiektuei, baterien esparruan Europako teknologia garatzea lortzeko. Battery 2030+ ekimenak ekintza bateratuak sustatuko ditu ibilbide-orriak, jardunbide hobeak eta hezkuntza definitzearekin lotuta; eta proiektu horien bilakaera monitorizatuko du bikaintasun- eta lankidetza-adierazleekin alderatuta.
Partida ekonomiko garrantzitsu horrek beste bultzada bat ekarri dio Uppsalako Unibertsitateak (Suedia) koordinatzen duen ekimenari. Ekimena, kontinenteko tresna nagusietakoa da Europa bateria jasangarrien garapenean eta ekoizpenean munduko liderra izan dadin, ikerketa sustatuz. Finantzaketa horrek babestutako proiektu berriak BATT4EU Elkartearen lanaren barruan daude, eta Battery2030+ erakundeak bateriak ikertzeko argitaratutako epe luzerako Ibilbide Orria oinarri hartuta garatuko dira.
Zehatzago esanez, “autokonponketarako” sentsore eta mekanismoetan eta interfaze elektrokimikoetan zentratutako Battery 2030+ programako sei proiektu berri koordinatuko dira. Datorren urtean beste hamar proiektu jarriko dira martxan 60 milioi euro inguruko finantzaketari esker, eta 2025ean 60 milioi euroko finantzaketa izango duten bederatzi proiektu berri aurreikusten dira. Horietako batzuek ikerketa aplikatuagoko esparruak barne hartuko dituzte, hala nola ekoizpena eta birziklapena; beste batzuek, berriz, datu-analisia izango dute ardatz.