CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroa, zero emisio garbiarekin hondakin plastikoak hidrogeno garbian eta balio erantsi handiko karbono-materialetan baloratzeko metodo berritzailea garatzeko lanean hasi da. Ikerketa, hondakin plastikoen –planetan dagoen kutsadura arloko arazo handienetako baten erantzuleak– balorizazioa eta hidrogeno garbiaren eta karbonozko materialen deskarbonizatutako ekoizpena konbinatzen diren Europako WASTE2H2 proiektuaren barruan dago.
“Proiektu honek gaur egun gizarteak eta planetak aurrean dituzten erronka garrantzitsuenetako batzuei inpaktu anitzeko erantzuna emateko aukera emango digu, hala nola gure ekosistema naturala mehatxatzen duten hondakin plastikoen kudeaketari edo energia garbia sortzeari”, ziurtatu du Eduardo J. Garcia-Suarezek, IKERBASQUE ikerlari elkartu eta CIC energiGUNEk WASTE2H2 proiektuan duen ikertzaile nagusiak.
Ildo horretan, aipatu behar da proiektua Europako Batzordearen 2023ko EIC-Pathfinder-Open deialdiaren bidez finantzatu dela. Deialdi horren bidez 53 proiektu finantzatu dira, aurkeztutako 780 proposamenen artean. WASTE2H2 proiektua finantzaketa-zerrenda nagusiko 19. postuan kokatu zen, eta horrek agerian uzten ditu haren proiekzioa eta inpaktu-itxaropenak.
Zehatzago, WASTE2H2k, likido ionikoetan oinarritutako sistema katalitiko berritzaileen garapena eta mikrouhin bidezko irradiazioa konbinatzen dituen metodologia disruptiboa garatzea planteatzen du. Horrela, lehengai gisa hondakin plastikoak erabiliz purutasun handiko hidrogeno garbiaren eta deskarbonizatutako produktu kimiko baliotsuen –adibidez, karbono-materialak, ikatz aktibatua edo karbonozko nanotutuak– ekoizpen selektiboa egiteko atea irekitzen da. “Hondakin plastikoek eragindako ingurumen-arazoari eta energia garbia sortzeko beharrari aldi berean heltzeko modua da, klima-aldaketa globalari aurre egiten laguntzeko”, adierazi du Eduardo J. Garcia-Suarezek.
Ildo horretan, WASTE2H2n parte hartu duten erakundeek –gaur proiektua abiarazteko bilera egin dute Araban– aurrerapen nabarmenak aurreikusten dituzte hondakin plastikoak kudeatzeko eta hidrogeno garbia sortzeko beste proposamen batzuen aldean. Horien artean hauek nabarmentzen dira: urrats bakarreko metodoa erabiltzea (elektrizitate berriztagarriz elikatua) hondakin plastikoen dekonstrukzio katalitikorako; purutasun handiko hidrogenoa azkar sortzea; karbono-material balorizagarria baterako produktu bakar gisa sortzea (merkaturatzeko erraz berreskuratzekoa); energia-kontsumoa nabarmen murriztea mikrouhinei esker; eta hidrogeno garbia sortzearen kostua murrizteko potentziala, koproduzitutako karbono-materialaren merkaturatzeari esker.
Merkaturatze-bileran adierazi den bezala, munduan 300 milioi tona plastiko ekoizten dira urtero, eta ehuneko txiki bat baino ez da birziklatzen (% 9 baino gutxiago, Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera). % 12 erraustu egiten da eta gainerako % 79ak kutsadura arazo handiak sortzen ditu. Hori dela eta, WASTE2H2 hondakin plastikoek eragindako arazoa modu eraginkorrean eta iraunkorrean konpontzen laguntzeko potentzial handiko tresna da.
Izan ere, topaketan aipatu da hondakin plastikoak balorizatzeko hainbat modu daudela. Horien artean birziklatze kimikoa dago, pirolisia edo gasifikazioa, esaterako. Oso interesgarriak dira, industriarako lehengaiak edo/eta energia lortzeko aukera ematen baitute, baina soluzio horietako gehienak ez dira oso selektiboak, ekonomikoki ez dira oso bideragarriak edo inplementatzen zailak dira. Birziklatze kimikoaren testuinguru horretan, sistema katalitiko berritzaileak eta mikrouhin bidezko irradiazioa konbinatzen dituen WATSE2H2 proposamenak, nahiko modu sinplean, urrats bakar batean eta era selektiboan hidrogeno garbi merkea eta hainbat aplikazio dituen karbono-materiala ekoizteko ahalmena du.
WASTE2H2 proiektua CIC energiGUNEk koordinatzen du, eta Erlangen-Nürenberg-eko Friedrich-Alexander Universität-ek (FAU) eta Parisko Kimikako Goi Eskola Nazionalak (i- CLeHS) hartu dute parte, baita IoLiTec eta SENER Ingeniería y Sistemas enpresek ere, eta Sener Mobility-k erakunde afiliatu gisa.
Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte Europa ikerketa eta berrikuntza programaren finantziazioa jaso du Europako Berrikuntza Kontseiluaren bidez, 101130249 zenbakidun dirulaguntza akordioaren arabera.
Hala ere, adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egilearenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunarenak edo Europako Berrikuntza Kontseiluarenak islatzen. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.