CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, gaur goizean aurkeztu ditu SAFELiMOVE proiektuan litio metalezko baterietan lortutako azken aurrerapenak, LEITAT zentroak –Europako LISA proiektuaren koordinatzaileak–, elektro-mugikortasun segururantz aurrera egitea ahalbidetuko duten teknologien arteko sinergiak aurkitzeko sustatzen duen “Litiozko baterien erronka komunak” Berrikuntzako workshopa dela eta.
Aurkezpenari esker, CIC energiGUNEk koordinatutako SAFELiMOVE proiektu europarraren barruan orain arte gauzatutako lanak ezagutarazi dira. Proiektu horren helburua elektrolito solidoa duen litiozko metalezko bateria garatzea da. “Karga azkarragoa, bizi ziklo zabalagoa eta energia dentsitate handiagoa duten baterien fabrikazioa erraztu nahi dugu”, adierazi du Fred Aguesse CIC energiGUNEko zientzialariak, SAFELiMOVEko arduradunak. Gogorarazi behar da euskal zentroak estatu solidoko baterietan Europako aditu handienetako bat den aldetik hartzen duela parte LISA proiektuan.
Aguessek mintegiko parte-hartzaileen aurrean azaldu du SAFELiMOVE proiektuak energiaren eta automobilgintzaren sektoreetan I+G indartzeko duen garrantzia, “eta, bereziki, arlo horretako Europako industrian”. CIC energiGUNEren ideia nagusia, energia-dentsitate handiko baterietara merkatuak bultzatuko duen aldaketa teknologiko disruptiboa babestea da, oso segurtasun-estandar altuarekin. Hala ere, horiek errentagarriak izatea bilatuko da.
Ildo horretan, LISAren Berrikuntzako Workshopean gogorarazi denez, SAFELiMOVEk berrikuntzak eskaintzen ditu bost arlo teknologiko nagusitan: geruzetako nikel oxidozko material katodikoen garapenean; ahalmen espezifiko handiko litio metalezko material anodikoetan; giro-tenperaturan eroankortasun ioniko hobetua duen elektrolito hibrido zeramikoan; litioaren benetako garraio efektiboan, azalera aztertuz eta aldatuz, eta egoera solidoko bateriak eskala handian ekoiztea ahalbidetzeko ezagutzak sortzean.
Ondorioz, ikerketak ateak irekiko dizkio ibilgailu elektrikoen aukera zabalagoari, eta elektro-mugikortasuna eta deskarbonizazioa are gehiago bultzatuko dira, klima-aldaketaren agertokietan eragin positibo zuzena lortuz. Aipatu behar da, era berean, CIC energiGUNEko egoera solidoko bateriaren ikerketa-ildoa Michel Armandek, arlo horretako ikertzaile aitzindari ezagunak, gidatzen duela.
SAFELiMOVE proiektuaz gain, tailer birtualean parte hartu dutenek LISA proiektuaren eta SUBLIMEren azken aurrerapenak ezagutzeko aukera ere izan dute. Bi proposamen horiek egoera solidoko bateriaren teknologiari lotuta daude, eta CIC energiGUNEren partaidetza ere badute, teknologia mota horretan aditua den partner gisa.
Berrikuntzako workshop-tailerrak oso kontuan hartu nahi izan ditu merkatuak bateria seguru txikiagoak eta arinagoak izateko dituen asmoak lortzeko aukerak, grafito bateriak (2. eta 3. belaunaldiak) litiora (4b. eta 5. belaunaldiak) aldatzen ari den egungo berrikuntza-mugimenduaren barruan. Horri dagokionez, hauek dira fabrikatzaileen erronka nagusiak: segurtasuna, fabrikatzeko gaitasuna, fidagarritasuna eta birziklapena. Hori dela eta, beharrezkoa da erronka horiei aurre egiteko eta merkatura iristeko aukerak izateko soluzioak lortzen aurrera egitea. Ildo horretan, enpresen ikuspegitik, Daikinek, Pulsedeonek eta SVOLTek garatutako lanak aurkeztu dira.