CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, Enerstocken aurtengo edizioan egongo da. Elena Palomo energia termikoko soluzioen arloko zuzendari zientifikoak eta Stefania Doppiu taldeko buruak moderatuko dituzte saio nagusietako bi. Gainera, euskal zentroko ikertzaileek, material termokimiko berriei eta fase-aldaketari buruzko azken lanen inguruko 10 hitzaldi emango dituzte.
“Enerstock 2021ean CIC energiGUNEko zientzialari asko egotea, zentroak biltegiratze termikoaren arloan lortu duen posizionamenduaren erakusgarri da, eta Europako erreferente finkatu gisa jartzen gaitu”, ziurtatu du fase-aldaketako materialei buruzko saioetako bat moderatuko duen Elena Palomo doktoreak. Material termokimikoei buruzko saio batean lan hori bera egingo duen Stefania Doppiu doktoreak adierazi duenez, “zalantzarik gabe, CIC energiGUNEk bikaintasun maila lortu du ikerkuntzan, eta horrek horrelako ekitaldietan ahots propioarekin parte hartzeko aukera ematen digu”.
Bi urtean behin egiten den topaketa, ekainaren 9tik 11ra bitartean izango da, modu birtualean, Esloveniako Ljubljana hiriburutik, Energiaren Nazioarteko Agentziaren ECES (Energy Conservation through Energy Storage) programaren babespean. Ljubljanako Unibertsitatea – Ingeniaritza Mekanikoko Fakultatea eta Esloveniako Kimikako Institutu Nazionala arduratuko dira 2021eko edizioaren antolaketaz.
Enerstock 2021 programa biltegiratze termikoaren arloan gauzatutako azken lorpen zientifiko eta teknologikoen ingurukoa da, eta baita biltegiratzearen, materialen, aplikazioen eta sistemen arloko etorkizuneko joera eta ikuspegien ingurukoa ere, alderdi orokorragoak ahaztu gabe, hala nola klima-aldaketa, klima-politikak eta horiekin lotutako beste diziplina batzuk. Osoko bilkurako hitzaldiez eta gonbidatuez gain, ahozko aurkezpenetan eta kartelen saioetan parte-hartzaileek beren lana aurkezteko aukera dute. Hori da CIC energiGUNEren hamar hizlari gonbidatuen kasua.
Kasu honetan, euskal zentrotik prestatutako hitzaldiek funtsezko bi alderdi izango dituzte hizpide. Batetik, energia termikoa tenperatura altuan biltegiratzeko aplikazioetarako material termokimiko berriak, eta, bestetik, industrian energia termikoa biltegiratzeko aplikazioetarako fase-aldaketako material berriak. Azken kasu horretan, egoera solidoan oso fase-trantsizio energetikoak dituzten kristal plastikoen gainean zentroak lortu dituen aurrerapenak aurkeztuko dira, eta baita fase solido-likidoa aldatzeko materialetarako euskarri-egitura porotsu berrien gainekoak ere.
Gatz urtuetan oinarritutako biltegiratze termikoko teknologietarako eta lurrunean oinarritutako teknologietarako korrosioaren aurkako estalduretan egindako ikerketa aurkezteko lekua ere egongo da.
Parte-hartzeari dagokionez, azpimarratzekoa da Enestock 2021en Europako 16 herrialdetako eta munduko beste 8 herrialdetako ordezkariek hartuko dutela parte; horien artean daude Australia, Kanada, Txina, Israel, India, Japonia edo Estatu Batuak. Ikerketa-zentro garrantzitsu gisa, CIC energiGUNEz gain, Alemaniako Aerospazio Zentroa, AEE Intec, ZAE Bayern, Fraunhofer Institute, Tokyo Institute of Technology, Ben Gurion University edo Trinity College Dublin daude.