CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, superkondentsadoreen arloko nazioarteko 150 aditu baino gehiago bilduko ditu Gasteizen, ISEECap (Kondentsadore Elektrokimiko Aurreratuei buruzko Nazioarteko Sinposioa) ekimenaren 8. edizioa dela eta. Superkondentsadoreen esparruan mundu mailan erreferentziazko topaketatzat hartzen den ekitaldi profesional ospetsu hori uztailaren 8tik 12ra bitartean egingo da Europa Biltzar Jauregian.
“Gasteiz superkondentsadoreen teknologiaren erdigune bihurtuko da aste horretan. Gero eta gehiago, bateria tradizionalen alternatiba errealtzat hartzen dira potentzia handia edo karga azkarrak behar dituzten aplikazioetan, hala nola berriztagarrietan, sarearen egonkortasunean edo garraio publikoan”, adierazi du Jon Ajuria Sinposioko Chairman eta CIC energiGUNEko ioi metalikoen kondentsadoreen ikerketa-lerroko liderrak. “Kongresuaren alderdirik aipagarrienetako bat da ikertzaileak, industriako ordezkariak eta ikasleak leku berean biltzea lortuko dugula, eta horrek garapenerako oso esparru erakargarria bermatzen digu”, adierazi du.
Ildo horretan, ISEECap 2024k, –osoko bilkurek, maisu-hitzaldiek eta aurkezpenek osatutako ohiko programaz gain–, aurreko edizioekin alderatuta, “John Miller doktorearen omenezko saio industrial bat hartuko du, eta, amaitzeko, eragile garrantzitsuenek teknologia horrek merkatua konkistatzeko orduan dituen benetako erronkei buruzko euren ikuspegia emango duten mahai-inguru bat”, ziurtatu du Ajuriak.
Saio industrial horretan negozio-ereduen espektro zabalak hartuko du parte, startupetatik hasi eta industria-talde handietaraino, hala nola Phi4tech-en Nanomate, E-Lyte Innovations GmbH, UP Catalyst, Delfort, BCARE –Talgorekin duen lankidetza aurkeztuko duen CIC energiGUNEren spinoff-a– edo YUNASKO. Enpresa horien presentziarekin, ISEECap 2024k kondentsadoreen balio-kate osoaren parte-hartzea bermatuko du, eta leku bakar batean berrikuntza-ekosistemarako sarbidea eskainiko du.