Elena Palomok, CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko Energia Termikoaren Biltegiratze Saileko zuzendari zientifikoak, Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) ematen duen “Emakumea eta Zientzia” saria jaso du. Saria AMPEAren “Emakumezkoen Talentuaren Sarien” parte da, eta berariaz aitortu nahi du bere ibilbide profesionala zientziaren arloan gauzatu duen emakumearen papera, eta, halaber, ikerketa-ibilbide ospetsua egin duela eta bere espezialitate-arloan aurrerapen zientifikoan eragin erabakigarria izan duela nabarmendu nahi du.
Elena Palomo zientzia fisikoetan doktore da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta ikerketa ibilbide luzea egin du energiaren alorrean, Espainian zein Frantziako ikerketa-zentro eta unibertsitate ospetsuetan. Bordeleko Unibertsitateko katedraduna da 2001etik, eta Ikerbasque Research Professor 2017tik. CIC energiGUNEren biltegiratze termikoaren arloko zuzendari zientifiko gisa, “Erreakzioak egoera solidoan”, “Fase-trantsizioak eta jokabide kritikoak”, “Interfaseak, koloideak eta bitarteko porotsuak” eta “Bero-transferentziaren areagotzea” taldeen ikerketa koordinatzen du. Arlo horren jarduerak oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua uztartzen ditu, eta energia-trantsiziorako funtsezko helburu teknologikoetara bideratuta dago, hala nola energia termikoaren biltegiratze ultra trinkora, hidrogeno berdea bide termokimiko eta katalitikoen bidez sortzera, nahi ez diren bibrazioak elektrizitate bihurtzera edo bero-ponpa aurreratuak garatzera.