CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, autoikaskuntza duten algoritmo prediktiboen bitartez kontsumo eta sorkuntza berriztagarriari aurrea hartzeko gai den klimatizazio-sistema eta UBS-ACS berritzaile baten garapenean ari da parte hartzen, hortik abiatuta, energia-fluxua optimizatzeko eta energiaren kostua murrizteko biltegiratze-sistema berritzaile bat baliatu ahal izateko. Proiektu hori SPRIren HAZITEK programaren barruan dago, eta Airlan enpresa du buru. Meteobit, Innotu eta Ingetek konpainien lankidetza du, eta baita CIC energiGUNErena ere, ikerketako erreferente gisa.
“Proposamen hau oso asmo handikoa da; izan ere, gaur arte ez da horrelako klimatizazio eta UBS-ACS soluziorik gauzatu, eta gauzatutako garapen teknologikoa ez da nahikoa izan”, adierazi du Iker Garay Airlaneko Berrikuntza eta Garapen Arduradunak. “Gure helburua jarduera zientifiko-teknologiko bizia bultzatzea da, proiektuko parte-hartzaile guztiek lehiakortasun eta aukera handiko produktu bat gauzatzeko behar dituzten gaitasunak bateratuz”.
Alde horretatik, GeroaPCMk proiektuaren balio-kate osoa jasotzen duten eragileak biltzen ditu. Horren barruan sartzen dira klimatizazio-soluzioen beharra identifikatzea, sentsorika eta kontrol-hardwarea, algoritmia prediktiboa garatzea, CLOUD plataforman integratzea eta biltegiratzeko materialak garatzea, energia-kudeaketako sistemaren kontzeptu-proba diseinatzea eta garatzea, instalatzea eta laborategian balioztatzea.
Proiektuaren buru Airlan da, klimatizazio-ekipoen eta energia-eraginkortasuneko soluzioen fabrikazioan eta merkaturatzean liderra den enpresa, eta hauek hartzen dute parte: algoritmia prediktiboaren garapenean espezializatutako Meteobitek, soluzio digitalen garapenean aditua den Innotuk, eta klimatizazio-soluzioetarako sentsorikan eta kontrol-hardwarean espezializatutako Ingetekek. CIC energiGUNEk biltegiratze-sistemetarako materialetan nazioarteko erreferente gisa hartzen du parte.
Proiektuaren ibilbide-orria 2023ko abenduan amaitzea aurreikusten da, eta data horretarako hainbat helburu espezifiko lortuta egon beharko dira, hala nola, 60 kWh/m3-ko energia-dentsitateetara iristeko gaitasuna izango duen energia biltegiratzeko materialaren nukleoa garatzea, eta baita hori estaltzea ere, urarekin kontaktuan dauden propietate egonkorrekin. Era berean, UBS-ACS eta berokuntzako aplikazioetarako beharrezkoa den potentzia termikoa zehaztea ahalbidetuko duen eredu termodinamikoa lortuko da.
Berrikuntzaren ikuspegitik, aktibo nagusietako bat adimen artifizialean oinarritutako eta doitasun handiko iragarpen meteorologikoetan eta energia berriztagarrien ekoizpenean fokalizatutako algoritmo prediktiboen garapena izango da, ingurumen-tenperaturaren iragarpena datu-iturri gisa erabiliz, eta baita atmosferako eta inguruneko beste aldagai batzuk ere, eskaerei aurrea hartzeko gaitasuna gehituz.
Azkenik, CLOUDen interkonektatutako sistemaren erreplika birtuala garatuko da, klimatizazio-sistemen eta UBS-ACSren portaera simulatzeko eta teknologia digitalen potentzial osoa baliatu ahal izateko, ekonomia- eta ingurumen-eragina neurtzeko, eta eragiketa-estrategia onenak modu autonomoan aurrehautatzeko algoritmo prediktiboak integratzeko.
GeroaPCM proiektua bat dator HAZITEK programaren (Eusko Jaurlaritzak enpresetan I+G sustatzeko duen programa) printzipioekin. Printzipio horiek ezagutza zientifikoa eta teknikoa industria-lidergoko jarduerekin eta horiek euskal ekonomian duten eragin bultzatzailearekin konbinatzea eskatzen dute, garapenak energiaren, digitalizazioaren eta eraikuntzaren sektoreetako prozesu industrialetan inplementatu ahal izango baitira.