CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa zentroak, 2019ko ekitaldia itxi du. Europako hiru ikerketa zentro nagusietako bat da sektore horretan. Aurten arte, euskal zentroak 600 argitalpen baino gehiago eta 13 patente bildu ditu, kontinenteko ekimen garrantzitsuenetako (Batteries Europe eta Batteries 2030+) partaide da, eta Europako hegoaldeko erreferentzia nagusia bilakatu da.
“Egoera hori lantalde handi batek egindako ahaleginaren emaitza da, eta baita erakundeen konpromiso iraunkorraren, beste eragile batzuekin aurrera eramandako lankidetzaren eta gugan konfiantza izateko zalantzarik izan ez duten erreferentziazko enpresekin izan dugun elkarlanaren emaitza ere”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. Bere iritziz, erakundearen indargune nagusietako bat talentua erakartzeko gaitasuna da, lehen mailako profesional taldeari –Michel Armand ezaguna buru dela– eta punta-puntako instalazioei esker. Instalazio horietan, baterien Prototipatuen instalazioak eta biltegiratze termikoko sistemen prototipatuen laborategia (aire eta olio lotura termikoen bidez osatutakoa, besteak beste) azpimarratu behar dira.
Europa mailako “Batteries Summit” goi-bilera irailean egin zen Arabako Parke Teknologikoan, eta mugarria izan zen zentroaren jardueran. Handik gutxira, Europar Batasunak Horizon 2020 programara aurkeztutako 11 proiektuetatik 5 onartu zituen, “Baterien Belaunaldi Berria” atalaren barruan. Izan ere, euskal zentroa izan zen Estatu osoan finantzaketa gehien lortu zuen erakundea, %46ko arrakasta tasarekin, Espainiako batez besteko %12,1aren gainetik.