Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik CIC EnergiGUNEko zientzialari Michel Armand hartu dute gaur goizean. Izan ere, energiaren alorreko espainiar estatuko ikertzaile garrantzitsuena da Stanfordeko Unibertsitateak argitaratutako munduko 100.000 zientzialari nagusien zerrendaren arabera. Kaliforniako unibertsitate ospetsu horren sailkapenak munduan dauden 7 milioitik gora zientzialarien lana aztertzen du, eta nazioarteko erreferentzia nagusia da zientzia eta ikerketaren profesionalentzat.
Udaletxean egindako ekitaldian, Maryse Armand emazteak eta CIC EnergiGUNEko zuzendaritza batzordeko kideak izan dira zientzialariarekin batera: Nuria Gisbert, Teófilo Rojo, Sara Ortiz, Asier Urzelai, Raquel Ferret, Javier Olarte eta Daniel Bielsa.
Michel Armandek patenteak eta ikergaiak partekatzen ditu 2019ko Kimikako Nobelaren irabazleetako birekin —John Goodenough eta Stanley Whittingham— eta nazioarteko zientzia komunitateak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du, mugikortasun elektrikoaren bidea markatuko duen bateria mota bat garatzen egin duen lanagatik.
Alkateak “CIC EnergiGUNE bezalako ikerkuntza zentroen garrantzia" azpimarratu du, "bertan proiektu erabakigarriak garatzen ari baitira Armand jauna eta beste zientifiko batzuk buru direla, eta Arabako Teknologia Parkea eta Gasteiz berrikuntzaren erreferente bihurtzen baitituzte nazioartean”. Gorka Urtaranek erantsi du: “oso kontuan hartzen dugu lan garrantzitsu horrek duen balio erantsia, mugikortasun iraunkorraren bidea markatuko baitu, hau da, "Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren zutabeetako bat, zeinaren helburua baita berotegi efektua duten gasen isurketa murriztea, kalitateko enplegu berriak sortzea, ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa sustatzea, ekonomia berderanzko trantsizioa eta energia trantsizioa egitea energia berriztagarriak baliatuz, balio eta kultura berdeak hedatzea, eta gizarte kohesioa eta auzoen arteko oreka indartzea”.
Michel Armand Frantzian jaio zen, 1946an. 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen litiozko bateria birkargagarriak ikertzen —polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez—. Lan horiek erlazionatutako teknologia nagusiak garatzeko bide eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoaren ikerketa sailaren arduraduna da, eta koordinatzen duen lantaldeak etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten bateria solidoa lortzea du helburutzat.